Hil ondorengo Karlos III gurutzea eman diote Aitor Etxarteri

Lohizune Amatria Zabalza 2022ko mai. 24a, 14:19
Begoña Moreno alargunak jaso du gurutzea Maria Txibite Nafarroako presidentearen eskutik.

Nafarroari egindako ekarpenarengatik bost pertsona saritu ditu aurten Nafarroako Gobernuak. Gaur egin dute ekitaldia.

Aitor Etxarte pedagogo eta euskaltzalea Karlos III gurutzearekin saritu du Nafarroako Gobernuak. Iruñeko udal ikastolako sustatzaile eta zuzendariari hil ondorengo aitortza egin dio udalak. Begoña Moreno alargunak jaso du gurutzea, eta haren seme Hedoi Etxartek hartu du hitza.

Aitor Etxarte nor zen azalduz abiatu da: “Egiten zaila den zera erraza zen”. Irratiko kolaboratzaile izandakoak “bete behar zuen misioa” burura eramana ez zegoela sentitzen zuela ekarri du gogora haren semeak. Sare publikoan euskarazko irakaskuntza berritzailearen aitzindaria izan zen, irakasle konbentzitua eta sutsua, berrikuntza-proiektu ugaritan ikertzailea, irakasleen prestatzailea eta hainbat elkarte profesionaletako kidea izan da. “Nafarroa garaiko berezko bi hizkuntzen jakintza bermatzen duen ereduen matrikulazioak hiru hamarkada daramatza geldi, hezkuntza publikoarekin berdin. Zabaltze aldi berri aldi bat gabe, Iruñeko Udal Ikastolak sortu zuen ziklo eratzaile bat gabe, udal ikastolak sortu nahi zituenak eta beste hainbat erronka ezingo dira garatu”, azaldu du Hedoi Etxartek. "Ez zen handinahia izan, ezingo genuke karrera pertsonal batekin lotu. Gailur batera iritsi nahi bazuen, izaten zen han goitik ingurura begiratu ahal izateko”.

Iruñeko Udal Ikastola "antagonismo esplizitu batzuekin" jaio zela gogoratu du Etxartek. "Frankismoko lokatzetatik zetozen Eskola Nazional eta erlijiosoen kontra, udal ikastola politikoki autonomoa eta askatzailea izan zen. Segregazio sozial eta soziologikoaren kontra, titularitate publikoa izan zuen. Iruñeko Udal ikastolara seme alabak eraman zituzten gehien gehienen gurasoak erdaldunak izan ziren, berritze pedagogikoaren mugimenduko nabarmenena bere egiten saiatu ziren. Eredu autoritario eta erlijiosoen aurrean, laikoa izan zen; eskola adoktrinamendu gisa ikusten zutenen aurrean, kritikoa, plurala, irekia eta euskaraz”.

Bost sari

Etxarterekin batera Nafarroari egindako ekarpenarengatik beste lau pertsona saritu ditu gobernuak: Cesar Oroz marrazkilaria, Fermin Goñi kazetaria, Sandra Ollo editorea eta Josefina Campos mugimendu memorialistaren erreferentea. Maria Txibite presidenteak nabarmendu du haien lanak "hobeak" egiten dituela herritarrak: “Gure iragana ez ahazten laguntzen digu, gure orainaz jabetzen laguntzen digu, eta, batez ere, gure etorkizunarekin asmo handikoak eta itxaropentsuak izatera laguntzen digu". "Balio dezala sari honek aitorpen eta gainerako herritarrentzako eredu gisa", adierazi du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!