Eskaintzak guztiz baldintzatzen du eskaera. Hori ezinbestean hartu behar dugu aintzat udalaren datuok baloratzeko orduan.
Bai, guretzako irakurketa oso ezberdina da. Aurrematrikulazioan, eskaera soilik izan daiteke eskaintza badagoenean. Eta haur eskola euskaldunak oso toki gutxitan eskaintzen dituzte. Horren ondorioz, jendeak eskatzen duena da dagoena. Hortik abiatuta ateratzen dituzten estatistikak propaganda hutsa dira. Gogoratu dezagun zein da gaur egun haur eskolen banaketa hizkuntza ereduaren arabera, non kokatzen dituzten eta zergatik. Euskara hutsezko haur eskola bakarra dago, Txantrean kokatua. Gero eredu mistoak badira. Beraz, badaude auzo pila bat euskarazko eredurik gabe.
Adibide moduan jarri genezake: Iturramako familia batek bere seme-alabak euskaraz eraman nahi baditu udal haur eskola batera, noraino joan beharko litzateke egunero-egunero?
Donibane, Mendebaldea eta Iturramako familiek ez daukate haur eskola euskaldunik ez auzoan, ezta alboko auzoetan ere. Txantreara eraman beharko lukete haurra egunero. Eta adin horretako haurrekin hori egunero egitea oso zaila da. Are gehiago beste haur bat badaukazu beste adin batekoa jada auzoko ikastetxe batean. Batzuetan nahi bai baina ezin da.
Zuek diozue guraso askok atzera egin dutela aurrematrikulazio honetan.
Alde batetik irakurketa baikorra egin dezakegu: Oztopoak-oztopo, oraindik ere badago %20 bat euskarazko hautua egiten duena, eta ez da gutxi. Baina badakigu ezagutzen ditugun guraso askok erdarara jo dutela, etsita. Hori horrela da. Duela urte gutxi eskaintza handiagoa zen, eta estatistikak oso bestelakoak ziren. Eta konparatzen badugu hiru urtetik gorako zikloetan ere estatistika oso bestelakoa da. Datuak zeharo ezberdinak dira. Hor %30aren bueltan ibiltzen dira. Baina guk ez dugu ehunekoetaz hitz egin nahi. Eskubide bezala ulertzen dugu. ETa ez dugu onartzen ume bakar bat egotea euskaraz ikasteko aukerarik gabe.
Navarro Sumak azpimarratu du euskara eta ingelesa uztartzen dituen eredu mistoak gora egin duela.
Bai, orain ingelesa sartu dute euskarazko adarretan. Jendeak eskatzen du ez dagoelako besterik. Hori propaganda hutsa da, beste behin ere.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!