Iruñeak udal-ondarea eskainiko du Ukrainatik ihes egin duten errefuxiatuak artatzeko

Euskalerria Irratia 2022ko mar. 14a, 16:31

Gaur bertan iritsiko da lehen autobusa. 

Iruñeko Udala aztertzen ari da, Ukrainako gatazkatik ihesi, hiriburura iristen diren errefuxiatuei arreta eta harrera eskaintzeko bidea. Horretarako, eskuragarri dauden etxebizitza eta higiezin guztien inbentarioa egiten ari da, horiek egokitzeko bideak eta beharrezko nbertsioa aztertuz. Hala ere, oraingoz ez da etxebizitza sozialen eskaerarik antzeman, datozen egunetan iritsiko diren pertsona gehienek familia-sarea baitute Foru Erkidegoan.

Errefuxiatuekin iritsiko den lehen autobusa gaur arratsaldean bertan helduko da, Bigarren Familia Elkartearen eskutik. Iritsiko direnen artean 31 pertsonak dituzte hemen senideak, eta beste 24k, berriz, harrera-familiak. Aurreikuspenen arabera, 38 pertsona bilduko dituen bigarren autobus bat etzi iritsiko da Nafarroara, baina Lizarrara joango da, Udalak jakinarazi duenez.

Udalak ikuskapen-lanak egin ditu zenbait udal-etxebizitzatan, errefuxiatuei lagatzeko modukoak diren ala ez jakiteko. Hala ere, horietako gehienetan egokitzapen- eta hobekuntza-obrak egin beharko lituzkete. Aztertutako lekuen artean, autobus-geltoki zaharraren eraikineko udal-etxebizitzak daude, hasiera batean baztertu dituzte, higiezinen egungo egoeragatik. Gainera, Kale Nagusiko, Jarautako, Descalzoseko eta Zapateriako udal-eraikin batzuk ere aztertu dituzte. Beste espazio batzuk lagatzeko aukera ere planteatu ditu Udal gobernuak, hala nola Caparrosoko txaleta, Jesus eta Maria aterpetxea edo Paderborn aterpetxea, behar izanez gero.

Aterpe laguntza emateaz gain psikologia zerbitzua eskaintzeko prest azaldu da Udala. Era berean, larrialdietan jarduten duen SAR Navarra elkartea Udalaren esku jarri da, Iruñeko herritarrek egunotan udal merkatuetan eta gainerako bilguneetan eman duten laguntza gatazkan dauden lekuetara eramateko. Datorren astean bidaliko dute lehen kamioia laguntza humanitarioarekin eta larrialdi taldeekin Ukrainako mugara.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!