Martxoaren 3a da gaur, sanferminetara daraman eskailerako hirugarren mailaren eguna. Eta gaur bertan jakin dugu, pandemiak eragindako bi urteko etenaren ondotik, sanferminetako kartel lehiaketa itzuli dela, haren iragarpena egin baitu Iruñeko Udalak.
2020ko sanferminetako kartel-lehiaketa guztiz digitala eta on line izanen da, jatorriko lanen aurkezpena eta epaimahaiaren lehen hautaketa barne. Munduko edozein bazterretatik egin daiteke, nahikoa da euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez eskuragarri dagoen formulario digital bat on line betetzea. Sanferminetako kartelak aurkezteko epea apirilaren 1ean amaituko da, 14:00etan. Epaimahai profesionalak 10 finalista hautatuko ditu, eta herritarren botoen bitartez erabakiko da zein den irabazlea. Kartel irabazlearen egileak 6.000 euro jasoko ditu.
Oinarrietan jasota dagoenarekin bat, on line prozedura berrian, egileek formulario bat bete behar dute, gaztelaniaz, euskaraz edo ingelesez www.pamplonaescultura.es webgunearen hasierako-orriaren bidez, eta obraren irudi bat txertatu JPG formatuko artxibo batean, 2 MB-ko gehieneko pisuaz. Zehazki, kartelek 820x1171 pixel izan behar dituzte, eta erresoluzioak 72 pixel/hazbetekoa izan behar du. Ohi bezala, kartelaren konfigurazioak bertikala izan behar du, eta formatuak, 1000 mm x 700 mm-koa. Jatorrizko lanak honako testua eduki behar du: “San Fermín 2022; Pamplona/Iruña; 6 al 14 de julio/Uztailaren 6tik 14ra”. Horretaz gain, kartelak Iruñeko armarria eduki beharko du, lehiaketaren oinarrietan azaltzen diren balditzetan txertatua.
Formularioan, halaber, identifikazio-datuak, jatorria eta abar eman behar dira, bai eta parte-hartzailearen curriculum profesionala laburki aurkeztu ere (gehienez 800 karaktere). Gune digital horretan, kartela labur deskribatzeko aukera dago, gehienez ere 200 karaktereko testuaz, eta teorikoki azaltzen ahalko dira hala kontzeptua nola haren osagaiak (konposizioa, koloreak, tipografia eta sinbologia). Izen-ematea mezu elektronikoen bidez osatuko da; izan ere, sistemak automatikoki igorriko dio interesdunari formularioaren datuen laburpena, hark digitalki balioztatu dezan, eta, horrela, haren parte-hartzea berresteko (aurrez aurkeztutako kartelaren lemarekin, identifikazio-agiriarekin eta lehiaketan erreferentziazko izanen duen plika-zenbakiarekin batera). Azken jakinarazpen hori izanen da lehiaketan parte hartzeko egiaztagiria.