Nafarroan enpleguaren hazkundeak etena izan du eta langabeen kopuruak gorantz egin du otsailean. Gabonetako kanpaina eta merkealdiak amaituta ohikoa izan ohi da lanik gabekoen kopuruaren gorakada.
Nafarroako enplegu bulego publikoek erregistratutako langabeen kopurua 876 pertsonatan igo da otsailean, hau da, % 2,67. Otsaila amaieran beraz, Foru Erkidegoan 33.693 langabe zeuden, Espainiako Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioak asteazken honetan argitaratutako datuen arabera.
Otsaileko igoera datu txarra da, 2021ekoaren eta aurreko krisiko ekitaldirik txarrenen antzekoa. Langabeziak hilabetez hilabete, jarraian izan duen hirugarren hazkundea da, eta Nafarroak langabeen guztizko kopurua murrizteko dituen zailtasunak argitzen ditu. Estatuko datuekin alderatuta ere kontrako norabidean da Foru Erkidegoa, bertan apalki bada ere, %0,3 murriztu baita langabezia.
Otsaileko datuekin beraz, langabeziaren kurbak nolabaiteko periodikotasuna berreskuratzen du, ohikoa Nafarroan, non langabeziak behera egiten duen martxotik aurrera. 2022an, ordea, zalantza berriak daude. Azken hilabeteetan jasandako energiaren prezioaren gorakadari, inflazioari eta industriaren hornikuntza-krisiari, gehitu behar zaizkie Ukrainako gatazkak eragindakoak. Horiek talka zuzena izan dezakete pandemiaren azken txanpan aurreikusitako hazkundearengan.
Enpleguaren bilakaera ez zen txarra izan otsailean, baina ezta ona ere salbuespen gisa, enpleguaren hazkundea pandemiaren aurreko urteetako batez bestekoa baino zertxobait txikiagoa izan baitzen. Otsaileko datuen arabera Nafarroak 294.4812 langile ditu Gizarte Segurantzan afiliatuta, aurreko hilean baino 1.297 gehiago eta duela urtebete baino 9.384 gehiago.
Afiliatu horietatik 247.22 soldatapeko jardunean ari dira, eta gainerakoak autonomoak dira.