EH Bilduk Administrazioarekiko Auzietako epaitegira jo du Udal Gobernuak ukatutako beste espediente bat eskatzeko

Euskalerria Irratia 2022ko ots. 23a, 14:55
Iruñeko Udaletxeko bilkura. Artxiboko irudia.

Oposizioko talde nagusiak "prozedura berezia" jarri du martxan, aurretik Nafarroako Administrazio Auzitegira zazpi aldiz jo ostean.

EH Bilduk helegitea jarri zuen hilaren 21ean, Hirigintzako arduradunari eskatutako, Etxebizitza Larrialdirako Egoitza eta erabiltzaileei buruzko dokumentazioa eman ez zitzaiolako. Aurrekoetan Nafarroako Administrazio Auzitegira jo zuen Udal Gobernuaren partetik eskatutako txostenak ez jasotzeagatik eta honek arrazoia eman zion oposizioko talde nagusiari. Oraingoan EH Bilduk Administrazioarekiko Auzietarako Epaitegira jo du.

Abertzaleen koalizioak salatu du "Enrique Maiaren gobernu-taldeak behin eta berriz" uko egin diola haren udal-taldeko zinegotziek "beren eginkizunak betetzeko eskatutako dokumentazioa garaiz eta behar bezala" entregatzeari. Hori dela eta justiziara jotzeko aukera ikusi du EH Bilduk eta oraingoan, koalizio subiranistak ere, "prozedura berezi baten bidez", jakin nahi du praktika horiek "parte hartzeko oinarrizko eskubidea urratzen duten ala ez" epaileen iritziz.

EH Bilduk adierazi du, alkatetza taldearen jarrerak aurretik Administrazio Auzitegiak emandako gomendioekiko "axolagabekeria" islatzen duelakoan, "beste pauso bat emateko unea dela". Igorritako agirian honakoa azaldu dute: "bilatzen duguna da, behingoz, Navarra Sumak legea urratzeari uztea eta herritarrek beren ordezkarien bitartez gai publikoetan parte hartzeko duten eskubidea errespetatzea".

Errekurtso honen abiapuntu den dokumentazioa Eva Aranguren zinegotziak eskatu zuen azaroan eta hiru hilabete geroago, auzia epaitegira eraman zutenean, oraindik ez zuen jaso. Zehazki, eskatzaileei buruzko informazio banakatua eskatu zuen Arangurenek, "sexuaren, adinaren, beren ardurapeko adingabeen, DSBE jasotzen duten pertsonen, gutxieneko pentsioak dituzten pertsonen eta beren kargura helduak dituzten pertsonen" inguruko informazioa. Informazio horren helburua zen Iruñeko larrialdiko etxebizitzaren egoera ebaluatzea eta zerbitzua behar dutenen profila egitea, Udalak laguntza eman diezaien, azaldu du EH Bilduk.

Errekurtsoan azpimarratu dutenez, gobernu-taldeak bost egun naturaleko epean "erantzun ez zuenez", informazio-eskaera "isilbidez ukatu dela ulertu behar da". Gainera, ez denez dokumentaziorik entregatu "hori justifikatzen duten arrazoiak egiaztatu gabe", Maiaren taldeak "zinegotzi gisa, parte-hartze politikorako konstituzio-eskubidea urratu" duela salatu du EH Bilduk.

Idazkiak, gainera, jasotzen du hau ez dela Udal Gobernuak informazioa ematea baztertzen duen lehen aldia, eta aurreko zazpi kasu ere biltzen ditu, zeintzuetan Nafarroako Administrazio Auzitegiak Maia eta bere taldeari arreta deitu dien.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!