Udalak Labriteko korridore jasangarria osatzeko lanak hasi ditu. Txantrea eta Arrotxapea erdigunearekin bizikletaz konektatzeko aukera emango du eta soilik autobusentzako izango den erreiak osatuko du, Vergel kaleko bidegurutzetik Labrit kalearen amaierara arte.
Bidegorriak 1.100 metroko distantzia izango du eta Magdalena kaletik, eta Amaia eta Nafarroako Gorteen kaleen arteko elkarguneraino joango da. Proiektuak 1.2 milioi euroko aurrekontua du, eta ekainaren amaierarako bukatuta egotea aurreikusten dute.
Lanak Vergel zubiaren inguruan hasi dira, espaloiaren tamaina handitzeko eta beste aldean, ibaitik hurbilen dagoen aldetik igaroko da bidegorria. Espaloiko lanak amaituta ekingo diote bidegorria eraikitzeari.
Zirkulazio handiak, maldak, inguru harresituak eta galtzadaren estutasunak, batez ere frontoiaren inguruan, eragin zuzena izan dute lanen proiektuan, hau nabermen zailduta.
Bidegorria eskuineko ertzetik igaroko da hiriaren erdialderako noranzkoan, Magdalena kalearen eta Txantrea hegoaldearen garapenaren biribilgune berriaren arteko zatian.
Puntu horretatik aurrera, bidegorria beste aldean kokatuko da, espaloiaren ondotik Vergel kalearekiko bidegurutzeraino.
Hemen, bidegorriak egun dagoen espaloia ordezkatuko du, ezkerreko ertzetik Labriteko pilotalekuraino igoz, eta bertan oinezkoentzako pasabide berri bat eraikiko dute.
Azken zatian, bidegorriak Amaia eta Estafeta kaleekin bat egin arte, txirrindulariak espaloiaren gainetik igaro beharko dira, Alde Zaharretik gertuen dagoen aldean.
Labrit kalerako alternatibak autobus-errei bat sortzea ere aurreikusten du, villavesentzat soilik, Vergel kalearekiko bidegurutzetik Amaya kalearekiko bidegurutzeraino, eta horrek nabarmen areagotuko luke eskualdeko hiri-garraioaren eraginkortasuna eremu horretan.
Labriteko korridore jasangarriaren proiektua aurreko legealdian hasi zen sortzen, baina behin betiko proiekturik adostu gabe.