Fernando Sesma Hezkuntzako, Herritarren Partaidetzako eta Gazteriako zinegotzi ordezkariak Herritarren Gaietarako Batzordeari azaldu dionez, foro horiek sanfermin22@pamplona.es postontziaren bidez jasotako herritarren proposamenak aztertzeko eta baloratzeko bilduko dira, joan den irailaren 23an egindako Mahai Orokorrean iragarri zen bezala. Era berean, bilkura horietan parte hartzen duten erakundeek beren proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte.
Jasotako iradokizun interesgarri eta bideragarriak zehazteko bilerak izango dira hirurak, eta Sanferminetako Mahai Orokorraren hurrengo bilkurara eramango dira. Otsailaren 22an deitzea aurreikusten da. Asmoa jaiei buruzko hausnarketa zabal bat sortzea da, COVID-19aren pandemiak sortutako osasun egoerak behartuta bi urtez bertan behera geratu ondoren.
2021eko iraila eta abendua bitartean, Iruñeko Udalak herritarren 119 proposamen jaso zituen berariaz sortutako mezu elektroniko helbidearen bidez. Ideia gehienak hiru ardatzen ingurukoak ziren: musika eta kontzertuak; haur eta gazteen programazioa hobetzea; eta entzierroa eta zezenketak egitea, Iruñeko zezen plazaren mendeurrena ospatzeko. Proposamen guztiak http://www.losviviremos.es webgunean kontsulta daitezke, Udalak jakinarazi duenez.
Sanferminetako Mahai Orokorra berrogeita hamar elkarte, kolektibo edo erakundek baino gehiagok osatzen dute, festarekin zuzenean zerikusia dutenek edo hiriko gizarte-ehunaren ordezkari direnek, bai eta Udalean ordezkaritza duten alderdietako kideek ere. Bestalde, berariazko mahaiek erakunde horiekin beraiekin lan egiten dute, baina arloka banatuta eta osaera murritzago eta espezifikoagoarekin.