Navarra Sumaren aldebakartasuna, agerian

Lohizune Amatria Zabalza 2022ko urt. 17a, 13:51

Sarasate pasealekuaren moldaketa bertan behera utzi du Navarra Sumaren Iruñeko udal taldeak. Gainerako taldeek proiektua "blokeatu" dutela salatu du eskuineko hiruak. Oposizioak, berriz, "inposizioa" egotzi die.

Navarra Sumak argi utzi du zein den haren politika egiteko moldea: nik diodana edo ezer ez. Akordiorako tarterik gabe, zuri edo beltz. Sarasate pasealekuaren moldaketa bertan behera utzi du eskuinak. Fermin Alonso Proiektu Estrategikoen zinegotzi delegatuak prentsaurrekoa eman du , iragarpena ofizial egiteko. Bere hitzaldiaren zati handi bat oposizioko taldeei errua botatzean zentratu da, eta "munduko traba guztiak" jartzea leporatu die, proiektua egin ez zedin.

Oposizioak, ordea, beste ikuspegi bat du. Proiektua gauzatzeko Navarra Sumak akordiorik lortu nahi izan ez duela azaldu dute EH Bilduk eta PSNk ohar bidez. Udal gobernuak "porrot" egin duela uste dute bi taldeek. "Dagoeneko agortua dagoen gobernu bat da non, bere baliabide bakarra inposaketa izan den. Ez da akordioetara iristeko gai izan eta gainera, Iruñeko Udala beren hauteskunde estrategiarako tresna gisa erabiltzeko bezain arduragabeak direla argi geratu da”, adierazi du EH Bilduk. Adierazpenek Fermin Alonsoren gaitzespena berresten dutela uste du alderdi independentistak.

Iruñeko PSNk ere Alonsoren "aitzakiak eta faltsukeriak" kritikatu ditu "Sarasaten Na+en porrota justifikatzeko". Ohar baten bidez sozialistek adierazi dutenez, bere taldeak "beti defendatu du adostasuna bilatzea, baina Navarra Sumak hasiera-hasieratik planteatu zien proiektu bat elkarrizketarik gabe eta beste irtenbiderik bilatu gabe". "Proiektu horrek harmailak planteatzen zituen pasealekuan zehar, oztopo arkitektonikoak mantenduz eta plataforma bakar bat eragotziz, herritarrentzat, merkataritzarentzat eta tokiko ekonomiarentzat egokiena izango litzatekeena", gaineratu dute.

Proiektu zalantzagarria, hasieratik

Sarasate pasealekurako Navarra Sumak aurreikusitako proiektuak ez zuen errespetatzen ideia-lehiaketaren emaitza. Lehiaketara aurkeztutako hiru proposamen arteko proiektua aurkeztu zuen Enrique Maia alkateak, merkatarien eta bizilagunen iritzirik jaso gabe. Iruñeko Udalak 2008tik lizitatu duen obrarik handiena da, 10 milioi eurokoa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!