Datorren igandean, ez; hurrengoan beteko ditu Izadik hiru urte. Haren amarengandik bananduko dute orduan. Izadi Burlatako Maria Lizarraga presoaren alaba da, Aranjuezeko espetxean jaio zen, Madrilen. Baina ez dago preso, eta Espainiako espetxe politikaren arabera, hiru urtetik aurrera ezin da kartzelan izan. Motxiladun umea bilakatuko da.
Egoera salatzeko, gaur, elkarretaratze bateratua egin dute ELA, LAB, Steilas eta ESK sindikatuek, Espainiako Nafarroako ordezkaritzaren aitzinean. "Oso argi erakusten du Espainiar Estatuko krudelkeraia. 10 urte igaro dira ETAk bere borondatez borroka armatua utzi zuela; horren aurrean Espainiak horrelako politikekin jarraitzea mendekua da", adierazi du ELAko idazkari Nagusi Imanol Paskualek.
Duela hamabost egun jakinarazi zuen Espainiak Euskal Herrira hurbildu dituela Izadi haurraren gurasoak. Iñigo Gutierrez aitari, hirugarren gradua emango diote, gainera. Albiste pozgarria dela aitortu dute sindikatuetako ordezkarie, eta Izadi Gurasoak plataformak azken urtean egindako lanari esker dela adierazi dute. "Nahiz eta aita hirugarren graduan ezarri uste dugu ez dela nahikoa. Izadi haien gurasoekin egon beharko luke, bere eskubidea da. Maria ere kanpoan egon beharko luke", zehaztu du LAB sindikatuko Izaskun Juarezek. Borondate politikoak egoera iraul dezakeela iritzi diote.
Momentuz Espainiak ez ditu euskal herriratu gurasoak, Aranjuezen daude, Izadirekin batera.