500 ikaslek baino gehiagok hegaztientzako aterpeak egin dituzte Iruñean

Euskalerria Irratia 2022ko urt. 12a, 18:49
Ikasleek 'Aterpeak' programaren baitan diseinatutako habietako bat. Iturria: Iruñeko Udala

Iruñeko Udalaren Aterpeak programaren bidez 2021. urtean txori eta bestelako hegaztientzako habiak eta aterpeak sortu dituzte ikasleek. 

Aterpeak programa antolatu zuen 2021. urtean Iruñeko Udalak hiriko eta hiriburuaren natur guneetako hegaztientzako "aterpeak sortzeko helburuarekin". Bada, honen bidez "hamar bat ikastetxeko 500 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute ikasturtean zehar Iruñeko hainbat parke eta zuhaitzetan hegaztiendako aterpeak eraiki eta jartzeko".

Ekimena 2018an sustatu zuten hiriburuko udalak eta Ilundain-Haritz Berri fundazioak eta dagoeneko 352 habia edo kutxa jarri dituzte hegazti espezie anitzentzako. Iaz, 56 izan ziren instalatu zituztenak. 

Aterpeak programaren bidez haurrek Iruñean bizi diren txoriei buruzko ikasketak jasotzen dituzte baita dauden habia motei buruz ere. Tartean ikasten dute "espezie bakoitzaren beharrei erantzuteko dauden habia-kutxa motak". Horiek Ilundain-Haritz Berri fundazioko zurgintza lantegi profesionaleko ikasleek egin dituzte, eta" ikastetxeetako ikasleek nahi bezala apaintzen dituzte behin betiko kokapenean jarri baino lehen". 

Ohar bidez Iruñeko Udalak honako hau jakinarazi du:

Iruñeko zuhaitzetan 350 kutxa baino gehiago jarri dira, eta horietatik 255 hegazti intsektiboroendako daude pentsatuak (batez ere amilotx eta kaskabeltzendako, baina baita txantxangorriendako, buztanikara zuriendako eta gerri-txori arruntendako ere). Gainontzekoak apo-hontz europarrendako, belatzendako eta hontz zuriendako pentsatuta daude. Gainera, intsektuendako kutxa bereziak jarri dira indi gaztainondoari eragiten dion kameraria izurriari aurre egiteko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!