Sanferminetarako 119 proposamen jaso ditu Udalak

Euskalerria Irratia 2021ko abe. 23a, 12:53
Udaletxe plaza, 2019ko uztailaren 6an.

2022ko festetarako herritar eta eragileek egindako proposamenek batez ere haur eta gazteen aisialdirako eskaintzak biltzen dituzte. 

Iruñeko Udalak jakinarazi du 119 proposamen jaso dituela herritar eta eragileen eskutik 2022ko Sanferminetako egitarauan sartzeko. Orain festetako Mahaiak eztabaidatu eta erabaki beharko du haien inguruan. 

Hiriburuko udaletxetik jakinarazi dutenez proposamen gehienak "musika eta kontzertuak, zein haur eta gazteen aisialdiari buruzkoak dira". Honekin batera entzierro eta zezenketek ere ekarpenak jaso dituzte, zezen plazaren mendeurrena beteko delarik hastear den urtean. 

Udalak posta elektronikoko postontzi bat ireki zuen irailaren amaieran, proposamen guztiak hilabeteko epean jasotzeko asmoz. Postontzi irekia izan zen, eta ekarpenek Sanferminekin lotutako alderdi guztiak jorratu zitzaketen.

Gustu eta musika mota desberdinetatik bada ere, jasotako proposamen musikal guztiek norabide berean jotzen dutela adierazi du Kultura arloak: "lehen mailako talde eta artisten kontzertu gehiago eta hobeak programatzea, eta agertokiak hiri osora zabaltzea".

Sanfeminetako Mahaira helduko diren proposamenen artean Udalak honako hau bildu eta azpimarratu du bere oharrean: Peñen Espazioa sortzea, karpa moduan, Sadar inguruan. 

Zezenketak bertan behera uztea eta zezen-plaza kontzertu-gune bihurtzea proposatu dute herritarren bi proposamenek, baina gehiago dira tauromakiaren programazioa zabaltzea eskatzen dutenak. 

Deigarria ere entzierroetarako eginiko ekarpenak, besteak beste nafarrak ez diren korrikalarien gehienezko tasa ezartzea ala dortsalen salmenta aplikatzea.

losviviremos.com atarian kontsulta daitezke ekarpen guztiak. Besteak beste ekimen erlijiosorik ez antolatzeko eskatzen du herritarren batek eta alde zaharretik gertu dauden beste gune batzuk irekitzea ere, besteak beste espetxe zaharreko lurzorua. Zaborren kudeaketaz ere kezka azaldu dute hainbat herritarrek eta eskatu dute zabor gehien sortzen duten lokalek zerga bidez gehiago ordain dezaten. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!