Kontuen Ganberak behin-behinekotasuna murrizteko eskatu dio Iruñeko Udalari

Euskalerria Irratia 2021ko abe. 1a, 07:54

Iruñeko Udaletxea, artxiboko irudi batean. (argazkia: Iruñeko Udala).

Kontuen Ganberak 2020ko Iruñeko Udalaren kontuei buruzko txosten bat argitaratu du, urte horretan 210 milioi gastatu eta 227 milioi sartu baitzituen. Txostenak gomendatzen du "udalaren kudeaketa hobetzen" jarraitzea eta enplegu publikoaren deialdiak arintzea, behin-behinekotasun-tasa murrizteko.

Kontuen Ganberak aholkatzen du, halaber, kontratuen lizitazioak "behar bezala" planifikatzea, gehienezko epea gaindi ez dezaten.

Txostenak dio Iruñeko Udalean, aurreko ekitaldiko datuekin alderatuta, gastuak %3 gehitu zirela eta sarrerak %5. Gastuei dagokienez, langileen kapitulua nabarmentzen da, 104 milioirekin. Ondasun arrunten eta zerbitzuen gastuak 69 milioi dira, eta inbertsioak 13. Aurrekontuaren erdia, beraz, langileentzako da.

Iruñeko Udaleko plantillak 1.625 lanpostu ditu, eta horietatik 751 hutsik daude. Lanpostu huts gehienak (600) kontratatutako langileek betetzen dituzte. Iruñeko Udalaren behin-behinekotasuna % 41ekoa da.

Herritarren Segurtasuna da langile gehien dituen arloa, 498 pertsona. Ondoren, Gizarte Zerbitzuak, Gizarte Ekintza eta Kirola (411) eta Proiektu Estrategikoak, Mugikortasuna eta Iraunkortasuna (177 profesional) datoz.

Sarrerei dagokienez, transferentzia arruntak 115 milioi dira, zergak 65 milioi eta tasa eta prezio publikoak 34 milioi. Txostenaren arabera, Udalaren kontu orokorrak udalaren ondarearen eta finantza-egoeraren irudi fidela adierazten du 2020ko abenduaren 31n.

Legezkotasunari buruzko iritzia ere "positiboa" da, salbuespen batekin: zerbitzu-prestazioengatiko gastuak, baldin eta kontratuek gehieneko indarraldia gainditu badute.

Udalaren finantza-egoerari dagokionez, txostenak "oso saneatutzat" jotzen du. Kontuen Ganberaren analisiaren arabera, 2020an azken ekitaldietako bide positiboa finkatu zen. Izan ere, iaz Udalak 22 milioiko aurrezki garbia izan zuen, aurreko urtean baino hiru gehiago. Gastu orokorretarako diruzaintzako geldikina 35 milioitik gorakoa izan zen, 2019an 22 izan ziren bitartean. Zorraren bilakaera ere positiboa da, iaz 55 milioitik 46 milioira murriztu baitzen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!