Iruñeko Udalak jakinarazi duenez eta herritarrek sumatu ahal izan duten moduan, Santo Domingoko aldapa ostiral honetan ireki dute berriro. Galtzadan pitzadurak konpontzeko eta hegoaldeko hormako ezpondan ura iragazteko lanak egin ahal izateko, hilabete batez itxita izan da Arrotxapeatik alde zaharrerako bidea. Irekiera hau baina, behin-behinekoa da lanak ez baitituzte amaitu. Udal azaldu duenez "galtzadan seinaletika horizontala margotzea falta da" baina datozen egunetarako aurreikusitako klimatologiak "ez du horretarako aukerarik ematen". Seinalerik ez dagoenez, arrisku- eta abiadura-mugako seinaleak mantenduko dituzte.
Trafikorako irekiera egun batzuk aurreratu da, datorren abenduaren 3rako aurreikusita baitzegoen. Curtidorreko zubiaren eta Santo Domingoko ikuiluen ohiko kokagunearen arteko ezpondari eusteko obra horiek 134.621,86 euroko aurrekontua dute. Udalak lau esku-artze zehatz zerrendatu ditu: "lgaltzadako eremu pitzatua konpontzea, galtzadaren hegoaldetik doan zanga drainatzaile berri bat egitea, galtzada euri-uren hodiekin lotzea eta, azkenik, hegoaldeko horma".
Galtzadan konpondu beharreko pitzadurek ia 400 metro koadroko azaleran jardutea ekarri dute, baita espaloiaren zati batean ere. Tarte hori, berreraiki behar izan dute. Ekindako lanen artean ere honako hauek zehaztu ditu Udalak: "galtzadan hegoaldeko hormaren 186 metroko drainatze-zanga berri bat egin da, iragazketak agertzen ziren ezpondaren eremutik Curtidores zubiaren hasieran zegoen saneamenduarekiko elkarguneraino". Hegoaldeko horman aldiz "ur ia iraunkorreko irteera batzuk daude eta irteera horiek hormaren estradosean eta altuera osoan saneamendu bat eginez jaso dira".