Iruñeak Gabonetako argiak piztuko ditu bihar. Normalean, azaroaren 29an piztu ohi diraa, San Saturnino egunean, baina aurten hilaren 26ra aurreratu nahi izan dute, "asteburua, aisialdia eta urteko sasoi honetan ohikoak diren erosketak aprobetxatzeko", Iruñeko Udalak ohar batean azaldu duenez.
Gabonetako argiztapenak eta dekorazioak 236 argi-arku ditu Alde Zaharreko eta Zabalguneko kale, plaza eta etorbideetan, baita hiriko beste eremu batzuetan ere, hala nola, Martin Azpilcueta/San Alberto Magno, Iturrama, Donibane, Ermitagaña, Mendebaldea, Sanduzelai, Arrotxapea, Txantrea eta Mendillorri auzoetan.
San Frantzisko plazan 5 metroko garaiera eta 5 metroko zabalera duen 3D bola handia bat jarri dute. Askatasun Plazan girlandatutako arku handi bat, Merindades eta Principe de Vianako iturrietan Eguberrietako motiboak eta udaletxeko fatxadan, Udaletxe eta Gaztelu plazetan dekorazio berezia. Horrez gain, 60 motibo baino gehiago daude, Nafarroa Beherea, Oliveto, Yanguas eta Miranda kondeak eta Armada etorbidea bezalako kale-argietan. Argiztapen guztia %100 led teknologia da.
Joan den apirilean Udalak Iluminaciones Ximénez S.A. enpresarekin zuen kontratua 165.505 eurotan luzatu zuen. Iaz baino %5 gehiago bideratu du aurten udalak hiria argitzera.
Aurreko urteetan bezala, Gabonetako argiztapena urtarrilaren 6ra arte egongo da piztuta. Dataren arabera, ordutegia aldatu egingo da. Normalean, 17:45etik 23:00etara piztuko da, igandetik ostegunera. Ostiraletan eta larunbatetan, argiak ordu berean piztuko dira, baina goizaldeko 1era arte luzatuko da. Abenduaren 24an eta 31n eta urtarrilaren 5ean argiak goizeko ordu biak arte egongo dira piztuta.
"Aurten, iaz bezala, proposamena erakargarria, deigarria eta ikusgarria da, forma eta kolore ugariren aldeko apustua eginez (zuria, urdina, horia, gorria, arrosa, berdea, urre kolorekoa eta urdina), eta, oro har, argitasun sentsazio handia eskainiz", nabarmendu du Udalak.