Bigarren puntu batean, adierazpenak honako hau ezartzen du: "Pasabidea sendotzeko eta saneatzeko obrak esleitzeko espedientearekin alde bakarrez jarraituz gero, haientzako baliabide ekonomiko nahikorik ez lortzeko eta/edo kalte-ordainen bat jasotzeko aukera dagoenez, erantzukizuna alkatearena eta proiektu estrategikoetako zinegotzi delegatuarena izango da soilik".
“Iruñeko gizarte osoa engainatu dute”
Gogoratzekoa indarrean diren aurrekontuak PSNren aldeko botoarekin onartu zirela. Eta alderdi sozialistak aldeko botoa emateko baldintza moduan ezarri zuela zaldaina konpontzeko diru partida bertan behera uztea. Baina astelehenean, udal aginte taldeak zaldaina konpon dezan Obenasa enpresari 590.000 euro ordaintzea onartu zuen.
PSNko eledun Maite Esporrinen arabera, “ez dute PSN soilik engainatu, Iruñeko gizarte osoa engainatu dute, birritan ordaindu beharko baitu zaldain bera”. Izan ere, konponketen aurrekontua 820.000 euroko da, eta duela hamaika urte zaldaina eraikitzea 680.000 euro kosta zen. Esporrinek, halaber, auzitegietara jotzeko aukera aipatu zuen.
Erantzunean, Navarra Sumako eledunak; Fermin Alonsok, besterik gabe esan zuen zaldainak konponketa behar duela, eta ezin direla geratu ebazpen judizialen zain. Ez zuen PSNrekin duten akordioaren urraketa aipatu ere egin.
EH Bilduren eledun Joseba Asironek gogora ekarri zuen bera alkate zelarik Mayak esan zuela zaldaina 24 orduan ireki zitekeela, eta ez egitea erabaki politiko bat zela. Geroa Baiko Javier Leozek azpimarratu zuen diru gutxiagorekin zaldain berria egin zitekeela, baina horren ordez dirutza xahuturik zahar bat izanen dugula, zalantza askorekin.