2021/11/26 20:00etan

Disko aurkezpena

Rolan Gartzes & Bandatze

Rolan Gartzes & Bandatze
Nafarroako Antzerki Eskola, Iruñea

Rock kontzertuetan topatuko duzu Rolan. Zalea da oso eta musikaz jardutea atsegin du. Gizon jantzia da musika kontuetan, egile zaharrak eta atera berriak bilatzen eta jarraitzen ditu, eta hori ez da gauza txikia kontuan izanik musikarien mundua musikarik entzuten ez duen egilez betetzen ari den honetan.

Ohiz kanpoko ibilbidea egin du bere diskoekin eta zuzenekoekin. Sindrome bat eta horrek ekartzen dituen ajeak saihestea lortu du: english-aren eremuan murgildu eta miresten dituzten eredu distiratsuenen bidea jarraitzea erabaki dutenena, askotan maudit plantak eginez.        

Konplexuek eragiten dituzten okerrak alde batera utzi eta etxean geratzea aukeratu du Rolanek, eta laketua dirudi. Hori da, ziur aski, mundu zabalera irteteko modu bakarra.

Bidaia horretan kantak ondu ditu. Lehendik ere kanta sobera dagoela esan lezakete askok. Ez da gezurra, baina hauek bere-bereak dira. Ausardia erakutsi du gure poeten hitzak aukeratzeko orduan, eta onik atera da erronka horretatik, besteak beste, rockaren eta folkaren tradiziotik edanez sortu dituen doinu biribilei esker. Badu, gainera, askok bereziki eskertzen dugun zerbait: garbi,  efekturik gabe, ahotsari indarra emanez kantatzeko grina.

Lotsarik gabe aritzen da bere kontzertuetan, konbentziturik eman dezakeen hoberena ematen ari dela. Egunen batean kalean topatu eta bere kantekin gozatu duzula esaten badiozu, burua pixka bat apaldu eta irribarrea izatera iristen ez den zerbait egingo dizu. Badaki munduan diren milaka musikari xumeetako bat dela, eta izar handia gabe ñimiñoen argia ere  zenbaitengana iritsi daitekeela arretaz begiratuz gero.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!