Iruñeko Udalak ‘PamplonUP. Gora Iruñeko negozioak’ kanpainaren beste edizio bat abiatu du. Asteazkenetik aurrera, 136.464 bonu jarriko ditu salgai hiriko 800en bat merkataritza-, ostalaritza-, aisialdi- eta kultura-establezimendutan eta zerbitzutan trukatzen ahalko direnak. Udaberriko deialdian baino 66.000 bonu gehiago dira, eta establezimendu parte-hartzaile kopurua antzekoa da. Deskontu-bonuak asteazkenean erosten ahalko dira udal webgunearen, www.pamplonup.es webgunearen eta 662.867.109 telefonoaren bidez. 68.232 bonuko lehen sorta goizeko 10:00etan jarriko da salgai, eta bigarrena, beste 68.232 bonukoa, 17:00etan.
Bi dira kanpainako berrikuntza nagusiak. Alde batetik, 18 urtetik gorako pertsona bakoitzak (NANa aurkeztu beharko dute) gehienez ere 10 bonu erosten ahalko ditu 15 beharrean, udaberrian ez bezala. Erosleak ez du Iruñean erroldatuta egon beharrik. Bestalde, 20ra murriztu da erosketa bakarrean gehienez ere trukatu daitekeen bonu kopurua. Azkeneko kanpainan 30 bonu trukatzen ahal ziren erosketa bakoitzeko. Neurri horien bidez Iruñeko Udalak xede du bonuak pertsona gehiagori heltzea eta deskontuez baliatzen den jende gehiago egotea, bai eta establezimendu ezberdinen artean gastua dibertsifikatzeko aukera gehiago egotea ere.
Kanpainaren funtsa mantendu da, eta bonu bakoitzaren prezioa 14 eurokoa izanen da, 20 euroko erosketak egin ahal izateko. Iruñeko Udalak 6 euroko alde hori diruz lagunduko du, eta bonuak trukatu diren establezimenduei ordainduko die. PamplonUP bonuen xedea da Iruñeko saltokietan eta ostalaritza- zein zerbitzu-establezimenduetan erosketak sustatzea, gertuko erosketak bultzatuz, COVID-19aren pandemian jarduera etetearen ondorioz larri kaltetuta dauden sektore batzuen garapen ekonomikoari bultzada emateko.
Ana Elizalde Gobernu Estrategiko, Merkataritza eta Turismoko Alorreko zinegotzi ordezkariak eta Inma Elcano Nafarroako Merkatarien koordinatzaileak aurkeztu dute PamplonUP bonuen kanpaina hau. Hari esker erosketak deskontuarekin egiten ahalko dira abenduaren 15era bitarte. Bigarren kanpaina honen aurrekontuak 818.784 euro jo du: horietatik 368.784 euro 2021eko aurrekontuan aurreikusitako partidari dagozkio, Iruñeko Udaleko Navarra Suma eta Sozialistak taldeen arteko aurrekontu akordioaren ondoren, eta 450.000 euro urrian PamplonUP bonuen deialdi honetarako zehazki onetsitako aurrekontuen aldaketari.
Saltokiei buruzko datuak
Kanpainari atxikitako saltokiei buruzko informazio guztia www.pamplonup.es webgunean kontsultatzen ahalko da asteazkenetik aurrera. Iruñeko Udalak 820 eskaera jaso ditu merkataritza-, ostalaritza-, kultura-, eta zerbitzu-establezimenduen aldetik. Egun, 775 establezimendu onartu dira jada, 18 baztertu eta gainontzeko 27ak oraindik berrikusketa prozesuan edo formazko akatsen bat zuzentzeko eskaturiko agiriak aurkezteko prozesuan daude. Prozesu hori datozen egunetan amaituko da eta, parte-hartzaileak gehitzea aurreikusten denez, hirian PamplonUP bonuak trukatzeko 800 negozio baino gehiago izanen direla uste da.
Momentuz kanpainan onartutako 775 negozioetatik, % 74 (570) saltokiak dira, % 17 (135) askotariko zerbitzuen establezimenduak eta % 9 (70) ostalaritzako sektorekoak eta turismoarekin, aisiarekin eta kulturarekin lotutakoak. Merkataritza-establezimenduen barruan, 141, moda eta osagarrietakoak dira; 97, farmaziak; 72, elikadura-dendak; 32, altzari, dekorazio eta etxetresnetakoak; 31, zapata-dendak; 22, optikak; 22, liburu-dendak; 16, lore-, landare- eta animalia-dendak; 16, bitxi-dendak eta erloju-dendak; 15, kirol-dendak; 12, sukaldeko-tresna eta etxeko-ekipamendukoak;11, fotokopia- eta argazki-dendak; 11, informatika- eta elektronika dendak; 10, burdindegiak; 9 lurrin- eta kosmetika-dendak; 8, opari- eta souvenir-dendak; 7, ortopediak; 6, belar-dendak; 5, eskulan-dendak; 3, musika tresnen dendak; 3, haurtzaintza-dendak; 3, erabilitako ondasunenak eta antikuarioak, eta 2, drogeriak.
Askotariko zerbitzuen atalean, egun, honako establezimendu hauek onartu dira: 85 ile-apaindegi eta estetika-establezimendu; 9 fisioterapia-establezimendu; 7 konponketa-lantegi; 4 ikuztegi; 3 albaitari-klinika; 3 dietista; 3 masajista; 3 mediku-zerbitzu; 2 autoeskola; 2 dentista; 2 gimnasio; 2 irakaskuntza-zerbitzu; 2 podologo; akupuntura-establezimendu bat eta beste zerbitzuetako 7. Ostalaritzari, turismoari eta kulturari dagokionez, 37 jatetxe daude, 15 taberna, 5 kafetegi, 4 bidaia-agentzia, 4 ostatu, 2 zinema-areto, erabilera anitzeko areto 1, gida-turistikoen negozio 1 eta dantza-areto 1.
Bonoak trukatzea paperean edo gailu mugikorrean
Bonuak ordainketa elektronikoko pasabide baten bidez erosiko dira. Behin erosita, QR kode bat duten bonuak adierazitako posta elektronikoaren bidez bidaliko dira. Bonuak establezimenduetan hala fisikoki, paperean inprimatuz, nola gailu mugikorrean bertan aurkez daitezke. Betekizun bakarra da QR kodea zuzen irakurtzea, horrela trukatu ahal izateko.
Bonu bat trukatzeko beharrezkoa da erosketak gutxienez 20 euro jotzea. Bi trukatzeko, erosketaren prezioak 40 euro edo gehiago izan behar du, hiru bonu gutxienezko 60 euroko erosketa bati dagozkio eta irizpide hori jarraituta gehienez ere 20 bonura arte, gutxienez 400 euroko erosketa bakarrerako. Bonu bakoitzaren 20 euroko multiplo hori gainditzen duen prezioa eskudirutan edo txartel bidez ordaindu beharko da erosketa osatzeko.
Edozeinek erositako eta kanpainaren datetan ez trukatutako bonuak baliorik gabe geratuko dira eta ez da itzuliko gastatu ez den zenbatekoa.