EH Bilduk Iruñea “jasangarritasunaren aldeko borrokan kokatzeko” ordenantza aurkeztuko du

Euskalerria Irratia 2021ko aza. 12a, 12:55

Gaur aurkeztu dute Joseba Asiron eta Joxe Abaurrea bozeramaileak 19 artikulu, hiru titulu eta zenbai xedapen dituen “Plastikoek eragindako kutsadurarik gabeko etorkizun baterako ordenantza”.

Abertzaleen koalizioak eginiko proposamenaren arabera erabilera bakarreko plastikoa baztertu, birtziklapena bultzatu eta ingurumen-jarduera egokiak sarituko lirateke besteak beste. 

Neurri zehatzen artean sartzen dira kontratazio berdea, erabilera bakarreko plastikoak debekatzea zein zigarrokinak lurrera botatzea zigortzea. Honekin batera udal negutegietan plastikoen erabilera erabat murrizteko helburua du proposamenak eta hiritarren artean elementu kutsatzaileen erabilerari buruzko gogoeta kanpaina sakonak egitea. 

Ordenantza berri honen lehen tituluak xedapen orokorrak eta Europa, Estutu eta Nafarroa mailako araudiak biltzen ditu. Bigarrenak aldiz aipatutako neurriak garatzen ditu. Testuak ere prebentzioa eta alternatiben sustapena ekartzen ditu, tartean gune publikoetan egiten diren jaialdien antolatzaileei hondakin mota horien kudeaketa plana eskatzea eta “kontratazio berdea” delakoa ezartzea kontratu publikoetarako zein hiri materiala; bankuak, paperontziak eta abar, erosteko orduan. Honekin batera zigarrokinak birtziklatzeko plana planteatu du EH Bilduk testuan.

Honeki batera udal arau berria gehien errespetatzen duen merkataritza edo ostalaritza establezimenduei “Lehoi Berdea” delako bereizgarria ematea planteatu dute eta prebentzio proiektuak sustatzeko urteroko lehiaketa, herritarrei zuzendutakoa.

Hiriburuen artean, eta beste hainbatetan izan den moduan, Iruñerria eredugarri izatea nahi du beraz EH Bilduk eta, “gehiengo aurrerakoiari” hots PSN eta Geroa Bairi dei egin diete araudia aurrera atera dadin, eta hala izatekotan 2022ko udaberrian martxan jartzea aurreikusten dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!