Euskararen planari “anbizioa” falta zaiola salatu dute Kontseiluak eta Behatokiak

Euskalerria Irratia 2021ko aza. 10a, 11:36

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok eta Behatokiko zuzendari Agurne Gaubeka, Nafarroako Jauregiaren aurrean.

Nafarroako Gobernuak aurkeztu duen Euskararen Bigarren Plan Estrategikoari ekarpenak aurkeztu dizkiote bi erakundeek. “Araugintzak eragiten dituen bidegabekeriak” zuzentzeko 67 neurri proposatu dituzte.

Nafarroako Gobernuak Euskararen Bigarren Plan Estrategikoaren behin-behineko proposamena aurkeztu berri du, eta bihar amaituko da testuari ekarpenak egiteko epea. Euskalgintzaren Kontseiluak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak prozesuan modu aktiboan parte hartu dute, eta gaur plangintzari modu integralean egin dizkioten ekarpenak erregistratu dituzte, Nafarroako Jauregian. 

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok salatu du Nafarroan "araugintzaren bidean ez dela aldaketarik proposatu", eta hori dela eta planari "ausardia" txertatzeko ekarpenak landu dituzte: "Ekarpenen bidez araugintzak eragiten dituen bidegabekeriak zuzentzen saiatu gara, eta ondorioz, neurri askok izaera politikoa dute". 

Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak azaldu ditu neurriok. 67 dira proposamenak. Horien artean, aditzak aldatzea eskatu diote gobernuari erakundeek: "Zazpi urteko plan batez ari gara, eta neurriek konkrezioa edo zehaztasuna behar dute: bermatu, egin, burutu... Ezin dira une oro, aztertu, lagundu edo antzekoak erabili". Aurreko planean jasotzen ziren eta bete ez diren neurri batzuk ere berreskuratu dituzte; bereziki, hizkuntza-klausula, kontratazio edo diru laguntza irizpideen inguruan.

Euskararen Bigarren Plana, Euskarabideak landu duen arren, gobernu osoaren plana dela ekarri dute gogora euskalgintzako ordezkariek, eta beraz, departamentu guztiek betetzeko eta jarraipena egiteko duten betebeharra azpimarratu dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!