Etxebizitza arazoak dituzten 151 adineko bizi dira Iruñeko Udalak utzitako etxeetan

Euskalerria Irratia 2021ko aza. 9a, 13:01

Iruñeko Udalak utzitako etxebizitzak biltzen dituen eraikina. Argazkia: Iruñeko Udala

Iruñeko Udalak, gaur egun, 65 urtetik gorako 151 pertsona hartzen ditu apartamentu publikoetan. Etxebizitzarik ez duten edo ohiko bizilekuan bizitzen jarraitzeko zailtasun larriak dituzten herritarrak dira, baina euren kabuz moldatzeko gaitasun ona dutenak.

Udal etxebizitza publikoen sarea duela 35 urte martxan jarritako zerbitzua da. Gaur egun 151 emakume-gizon bizi dira haietan eta datozen hilabeteetan laguntza zein zaintza zerbitzuak emateko langileak jarri nahi ditu Iruñeak. 

Adinekoentzako udal-apartamentuak etxebizitza zerbitzuaren parte dira, oztopo arkitektonikorik gabekoak. Banaka edo bikoteka erabil ditzakete herritarrek eta borondatezko gutxieneko zerbitzu komunak dituzte eskura bertan. Udal-baliabide horren bidez, erabiltzaileek euren ohiko etxebizitzaren antzekoa den ingurune batean euren bizimoduarekin jarrai dezaten sustatu nahi da, eta bizi-kalitate hobea dutela bermatu. Oinarrizko ekipamendua dute. Gainera, bizitza autonomoa izaten jarrai dezaten lagundu nahi zaie, euren ingurune sozialean jarduerak egiten dituztela bermatuta eta horiek lagunduta, aldi berean, etxebizitzako prekarietateak pertsonei eragiten dien isolamendua eta narriadura prebenitu nahi ditu udalak.

Gaur egun, 151 pertsona bizi dira etxebizitza horietan; horietatik 127 bakarrik bizi dira eta beste 24 bikotearekin. Kopuru osotik, 55 gizonak dira eta 96 emakumeak. Egoiliarren batez besteko adina 77,65 urtekoa da, eta apartamentu horietan bizitzen ematen duten batez besteko epea ia zortzi urtetakoa da. Udal baliabide honen 28 erabiltzailek Iruñeko Udalaren Etxez Etxeko Arreta Zerbitzuaren laguntza jasotzen dute. Horietatik 13k zuzeneko arreta jasotzen dute, 7k elikadura laguntza, eta beste 8k bi zerbitzuak jasotzen dituzte.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!