Igande goizetako ohiko dianak, Iruñeko txistulari eta gaiteroen eskutik, hiriko kaleetara itzuliko dira azaroan zehar. Azaroaren 7an, 14an, 21ean eta 28an, eta COVID-19aren pandemiak eragindako murrizketen ondorioz ia urte eta erdiz atera gabe egon ondoren, txistuaren eta gaitaren musika udazkeneko goizetara itzuliko da, eta, gainera, Iruñeko hainbat auzotatik entzunen da.
Heldu den igandean gaiteroak eta txistulariak Alde Zaharreko kaleetan barna ibiliko dira, eta bien abiapuntua eta helmuga Udaletxe plaza izanen da. Txistulariak Merkaderes, Estafeta, Ahumada Dukearen kalea, Karlos III.aren etorbidea, Sarasate pasealekua, Comedias, Gazteluko plaza eta Txapitelatik igaroko dira, eta Udaletxera itzuli; gaiteroak, berriz, Zapaterían, San Antonen, Arazuri doktorearen pasealekuan eta kale Nagusian arituko dira, eta Udaletxe plazan bukatu.
Datorren astetik aurrera bi taldeak hiriko auzo ezberdinetara lekualdatuko dira. Azaroaren 14an, igandearekin, txistulariak Donibanen egonen dira eta gaiteroak Azpilagañan; azaroaren 21ean, txistulariek Txantrea bisitatuko dute eta gaiteroek, Etxabakoitz, eta, azkenik, azaroaren 28an, Iturraman izanen dira txistularien dianak eta gaiteroenak, Buztintxurin. Diana guztiak ordutegi berean eginen dira, goizeko 09:00etatik 10:00etara bitarte; musikak ordubeteko ibilbidea eginen du hiriko kaleetan barna.
Emanaldi horiek hala Iruñeko Gaiteroak nola Iruñeko Txistulari Taldea elkarteek Udalarekin sinatuta dituzten kontratuen barruan daude. Kontratuetan, jasota dago azarotik ekainera bitarte 34 diana inguru egitea, Iruñeko kaleetatik musika-piezak interpretatuz larunbat edo igande goizetan.