Alkaizaren bertsoetan oinarritutako 'Biziraute saiakera' saioa eskainiko dute hilaren 27an, Iruñean

Euskalerria Irratia 2021ko urr. 22a, 12:25

Saioa Alkaiza bertsolariak irabazi zuen iaz Iruñeko I. Bertsopaper Lehiaketa, ‘Hiru pena mota’ bertsoekin. Orain horiek oinarri hartuta ‘Biziraute saiakera’ ikuskizuna sortu dute. Nafarroako Antzerki Eskolan eginen dute, eta sarrerak 5 euroan daude salgai

Bertsoetan jasotakoa musikatu eginen dute Itsaso eta Haize Agirrek. Ondoren, Maider Aldairen atrezzoaz inguratuta, etxekotasunaren eremutik barnera begirako ohiko bertso saioa eginen dute, Maite Berriozabal gai jartzailearen gidaritzapean. Oholtza gainean Julio Soto, Sarai Robles, Sustrai Colina eta Uxue Alberdi bertsolariak izanen dira. Arratsaldeko zazpietan hasiko da, Nafarroako Antzerki Eskolan, eta sarrerak 5 euroan daude salgai

Aurten ere irabazle

Aurten ere Saioa Alkaizak irabazi du helduen kategoriako bertsopaper lehiaketa, ‘Habitat’ lanarekin. Epaimahaiak deskripzioen kalitatea nabarmendu du, baita etxeko sofatik irten gabe maitasuna, genero indarkeria eta bakardadea bezalako gaiak lantzen dituen lanak hartzen duen espektro tematikoa ere. Helduen kategorian bigarren, berriz, Eneko Fernandez Maritxalar izan da, 'Olinpora Bidean' bertsoekin. Eeliteko kirolean presioa bezalako gaurkotasuneko gai bat jorratzeko moduagatik eman diote saria. 

Hiru kategoria ditu sariketak. Gazteenen artean, lehen saria Loitzate Goñi Elortzak jaso du, 'Xauli' lanagatik. Txakur bati eskainitako lana da eta maitasun eta samurtasun handiz egin dute, epaimahaiaren hitzetan. Bigarren lekuan, egile beraren beste lan bat geratu da, 'Baratzea', non, umorez, bere baratzeari buruz idazten duen. Hirugarren saria Ekhi Rojo Rodriguezentzat izan da. 'Garai berriak 'saioan, bere bizitzako garai berriez eta fase aldaketaz hitz egin du.

2004 eta 2007 urteen artean jaiotakoen kategorian, aldiz, Nora Mendia Zabalzak irabazi du lehen saria, 'Barnen/hormez' etxeari eskainitako lanarekin. Bigarren saria, Beñat Astiz Isasiren 'Kea darion bizitza honi' eman diote, lantegietako bizitza jorratzen duen lanari.

Bigarren urtea da Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Iruñeko Udalak lehiaketa antolatzen dutela, eta 22 lan aurkeztu dituzte.

Bertsoaroa otsailera atzeratu dute

Urria da, eta aurki hasi beharko litzateke, bestalde, Bertsozale Elkarteak eta Iruñeko Udalak bultzaturiko Bertsoaroa zikloa. Egun, baina, Nafarroako Bertsolari Txapelketa martxan da eta bat ez egiteko datorren urteko otsailera atzeratu dute. Mantentzeko hautua hartu dute, erreferentziazko zita bilakatu delako. Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finalaurrekoak azaroaren 1an abiatuko dira. Finala 28an izango da, Anaitasunan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!