Uda honetan Antzerki Aroak lau antzezlan aurkeztuko ditu gazte eta helduentzat

Euskalerria Irratia 2021ko ira. 24a, 11:25

Emanaldiak Nafarroako Antzerki Eskolan izanen dira, asteazkenetan, irailaren 29an, urriaren 20an eta azaroaren 10ean eta 24an.

Udazken honetan Antzerki Aroaren beste edizio bat iritsiko da, eta lau antzezlan eskainiko ditu, zeinek hizpide izanen baitituzte bikote-harreman mota ezberdinak, harreman pertsonalak, nortasuna eta pertsona batzuk adin jakin batera iristean pairatzen duten krisia. Gazte eta helduei zuzendutako antzerki-ziklo hau Iruñeko Udalak antolatu du Nafarroako Antzerki Eskolarekin eta Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean.

Zikloa datorren irailaren 29an, asteazkenarekin, hasiko da Axut!-Artedramaren emanaldiarekin, zeinek ‘Amua’ taularatuko baitute, eta urriaren 20an jarraituko du ‘Kopaz kopa’ obrarekin, Ados Teatroaren eskutik. Azaroaren 10ean, asteazkenarekin, Andoni Mutiloaren txanda izanen da ‘Esnatu naiz’ obrarekin. Amaitzeko, Miren Gaztañaga eta Eneko Sagardoy izanen dira Arriaga Antzokiaren ‘Maitasunaren itxiera’ ekoizpenaren protagonistak, azaroaren 24an.

Emanaldi guztiak Nafarroako Antzerki Eskolan izanen dira, 19:00etan. Sarrerak Nafarroako Antzerki Eskolaren webgunean edo txarteldegian eros daitezke, 8 euroan. Edukiera eta osasun-segurtasun neurriak unean uneko araudiarekin bat ezarriko dira. Informazio osoa kontsultatu daiteke programaren webgunean, www.pamplonaescultura.es-en.

Axut!-Artedrama, esklusibotasuna edo ohitura planteatzen duen lan batekin

Antzerki Aroa udazken honetan hasiko da ‘Amua’ obrarekin, non protagonistak bere gaztaroko bi maitale ohi gonbidatzen baititu asteburu batean, horietako bakar batek ere hiru izanen direla jakin gabe. Egoerak eta esklusibotasuna, erromantizismoa, egoa, jabetza, ohitura, kultura eta hezkuntza, besteak beste, alde batera uzteak, asteburu bakar batez bada ere, barne eztabaida handiak eraginen ditu.

Antzezpenean, pentsatu, esan eta egiten dutenaren arteko tarteak pertsonaiak biluztuko ditu, eta, azkenik, maitasunaren izenean, noraino heldu daitezkeen galdetuko diote beren buruei. Maite Larburu, Manex Fuchs eta antzezlana zuzendu duen Ximun Fuchs dira Axut!-Artedrama konpainiaren obraren protagonistak.

Ados Teatroak, Andoni Mutiloak eta Miren Gaztañagak Eneko Sagardoyrekin batera osatuko dute zikloa

Zikloak aurrera jarraituko du Ados Teatroaren ‘Kopaz kopa’ antzezlanarekin, non haurtzaroko bi lagunek beren bizitzako laugarren hamarkadari aurre egiten baitiote, gaztaroa alde batera utzita. Bata, lur jota dagoen dibortziatua, idazle frakasatua eta ardozalea, ezkor petoa da. Bestea, aktore zapuztua eta ezkonduko den limurtzaile petoa. Pertsonaiak biziarazteko agertokira igoko dira Ainhoa Aierbe, Asier Sota, Ainara Ortega eta Iñigo Aranbarri. Garbi Losada aritu da zuzendari-lanetan.

‘Esnatu naiz’ baserri batean jaio eta Londreseko klub batean show propioa duen gazte baten istorioa da. Antzerkia, dantza eta musika uztartzen diren obran, bere oroitzapenak gogorarazten ditu nortasunari, giza harremanei eta sexualitateari buruz hitz egiten duen bitartean. Halaber, planteatzen du nortasuna eta bizimodua bat ote datozen pertsona guztiengan, eta mezu bat helarazten du LGBTI+ komunitatearen eskubideen alde. Emanaldi hau Udalaren Harrotu zentroarekin elkarlanean antolatu da.

Amaitzeko, Pascal Rambert eszena-zuzendari frantsesaren ‘Clôture de l’amour’ obraren euskarazko egokitzapena taularatuko da. ‘Maitasunaren itxiera’ obrak bikote baten elkarrizketa latza kontatzen du, hiltzen ari den maitasunaren indarkeria erakusten duen bakarrizketen elkartrukea. Beldurra eta askapena uztartzen dira urteetan zehar izandako harremana amaitzeko orduan; Miren Gaztañaga eta Eneko Sagardoy dira protagonista. Arriaga Antzokiaren ekoizpena da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!