"Klima SOS, TAV ez" margoketa handia egin du Mugituk, klimaren aldeko mundu greba egunari hasiera emateko

Euskalerria Irratia 2021ko ira. 24a, 11:07
Argazkia: Ekinklik

Klimaren aldeko mundu grebaren egunaren goizaldean, AHTaren aurkako desobedientzia aldarrikatzen duen Mugitu! mugimenduak ekintza baten bidez deialdiari bere ekarpena egin nahi izan dio. Ekintza honen bitartez, AHTa jasaten ari den krisi ekologiko orokorrean gehien sakontzen duen azpiegitura dela salatu dute "KLIMA SOS, TAV EZ" zioen dimentsio handiko margoketa eginez Barañain eta Etxabakoitz artean.

AHTak isuritako gasek berotegi eragina dute eta aldaketa klimatikoa areagotzen dutela azpimarratu nahi izan dute azpiegitura honi askotan profil berdea ezeztatzeko. "Batzuek kontrakoa badiote ere AHTa ez da inolaz ere ekologikoa. Izan ere eguratsa gehiago berotzen du", eta hainbat arrazoi eman dituzte:

"Hasteko, bioaniztasuna gordetzen eta CO2 isurketak irensten zituzten ehundaka hektarea baso eta bailara desagerrarazi ditu. Ibilbidean zehar, plataformak, pistek eta tunelek behar duten porlan kopuru itzela ekoizteko erabili den makinaria erraldoiak CO2 isuri du etengabe. Hormigoiaren osagaiak diren harriak eta burnia lortzeko eta garraiatzeko ere tonaka CO2 isuri da", esan du Mugitu-k.

Bigarrenez, AHTak energia kontsumo "neurrigabea" duela gogoratu dute. "Halako tren batek orduko 300kmko abiaduran dabilenean 25.000 bizilaguneko herri baten adina energia xahutzen du. Izan ere, abiadura handitzeak kontsumo energetikoa esponentzialki haztea dakar. AHTa zentral nuklear zein Castejongo bezalako zentral termikoez elikatuko da. Zentral hauek karbono dioxido (CO2) eta karbono monoxido (CO) kopuru altua isurtzen dute eguratsera, euri azidoaren eragile. Ebroko uren beroketa ere eragiten dute errefrigerazioan erabiltzen baitute".

Egun dauden eguzki eta haize poligonoek eta proiektatuta daudenek ere AHT elikatuko dutela ere gehitu dute. "Hauek ere nekazal eta naturguneak industrializatu eta suntsitzen dituzte.", salatu dute

"Aldaketa klimatikoa kapitalismo tekno-agro-industrialaren ondorio zuzena da eta AHTa bere ikurra. Biak suntsitzen dute behar dugun bioaniztasuna. Baina AHT ez dute amaitu. Garaiz gaude gelditzeko eta lurraldearen suntsiketa galarazteko", ohartarazi dute.

Albiste hau Ahotsa.info-k landu du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!