Irailaren 2tik 12ra ospatuko den egitasmoak eta hasieratik zalantza ugari sortu ditu, jarduera elitista bat delako, iruindarrekin loturarik ez duelako; animalien erabileran oinarritua dago, eta ez dagoelako argi zer babesle izango dituen, ezta Iruñeari zer gastu ekarriko dion ere.
Hori dela eta, inposizioan oinarritutako hiri eredu bati erantzuten diola salatu du hainbat kolektibok osatutako Hipikarik Ez taldeak.
Hipika jarduerak 219.550 euroko aurrekontua du, eta soilik Ziudadelan pistak instalatzeak 135.000 euroko kostua du. Diru guztitik, udalak 35.000 euro baino ez ditu jarriko babesle gisa, baina Navarra Sumak ezkutatzen jarraitzen du gainerako 184.550 euroak nork ordainduko dituen. Iluntasun hori ere kritikatu dute.
Gogoratu beharra dago Iruñeko Udaleko Hirigintza zinegotzia Nafarroako hipika Federazioko kidea dela, eta UPNko zinegotzi ohi eta parlamentari ohi bat, Amaia Otamendi, arduratzen dela proiektuaz.
Baina hipikarena ez da Iruñeko Udalaren erabaki polemiko bakarra, eta Hipikarik Ez taldearen iritziz, udalak bultzatzen duen hiri ereduaren beste adibide bat da.
Horregatik guztiagatik, dei egin dute irailaren 1ean 19:00etan Ziudadelako atearan aurrean mobilizatzera. Ordu erdiko kontzentrazioa egingo dute, eta zazpi terdietatik aurrera bizikleta martxan abiatuko dira, Ziudadela inguratzera.