Urritasunak dituzten pertsonentzako turismo informazio puntuak jarri dituzte Iruñean

Euskalerria Irratia 2021ko uzt. 23a, 06:38
Egitasmoaren sustatzaileetako batzuk, gaur, haren aurkezpenean. (Iruñeko Udala)

Iruñeko Udalak informazio turistikoa eskuratzeko hamabost gune jarri ditu hiriburua zeharkatzen duen Donejakue Bidearen ibilbidean. Teknologia sistema berritzaile baten bidez, urritasunen bat duten pertsonek datuak eta proposamenak eskura ditzakete.

NaviLens eta Navilens Go izeneko aplikazioen bidez, informazioa zuzenean iristen da erabiltzailearen mugikorrera, haren profil funtzionalera egokituta. Ibilbide turistiko zehatz batera mugatutako mota honetako lehen proiektua da, eta Iddeas Fundazioaren, ANFASen eta Eunate Elkartearen laguntzarekin abian jarri dute.Ana Elizalde, Gobernu Estrategiko, Merkataritza eta Turismoko zinegotziak aurkeztu du.

Iruñetik igarotzen den Donejakue Bideko ibilbide gastronomikoko hamabost gunek 'NaviLens' kodea dute dagoeneko. Era honetako seinaleztapen-sistema bakarra da munduan, eta, hari esker, urritasunen bat duten pertsonek puntu turistiko bakoitzak eskaintzen duen informazio garrantzitsuena eskura dezakete. Zerbitzu, historia edota kultura informazioa da eskaintzen dutena.

Erabiltzeko, aplikazioa deskargatu eta irekita eduki behar da ibilbidean zehar, markatzaileak hura ezagutu eta irakurri ahal izateko. Aplikazioan, pertsona bakoitzak bere beharren eta profil funtzionalaren arabera aukeratuko du nola nahi duen informazioa iristea. Entzumen urritasuna duten pertsonek informazio turistikoa jaso dezakete zeinu-mintzairan eta azpitituluetan dauden bideoetan; ikusmen urritasuna dutenek, berriz, audioen bidez. Ulertzeko zailtasunak dituzten pertsonek, aldiz, irakurketa errazeko metodoan jasoko dute informazioa. 

Honakoak dira aukeratutako puntuak: Magdalenaren zubia, Frantziako Atea, Ibarrola Etxea, Zaldi Zuriaren txokoa, Santa Maria La Real katedrala, Occidens katedrala, Beatriz pastak, Iruñazarra jatetxea, Udaletxea, Santo Domingo azoka, Hamabi jatetxea,  Turismo bulegoa, Ultreia zentroa, Tres Reyes hotela eta lorategiak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!