Eskolarako bide seguruak sortzeko proiektua garatu dute Amaiur Ikastolan

Euskalerria Irratia 2021ko eka. 17a, 13:20

Iruñeko Udala 'eskola-bideen' proiektu pilotu batean ari da lanean, eta ikasleak segurtasunez eta autonomiaz mugitu ahal izatea du helburu.

Iruñeko Udalak, hirian mugikortasun iraunkorra sustatzeko ekintzen barruan, Amaiur ikastolarekin lankidetzan jardun du ekainean, eskola-bide seguruak abian jartzeko esperientzia pilotu bat gauzatzeko. Arriskurik gabeko eskola-ibilbideak diseinatzea eta erabiltzea sustatzen duen ekimena da, eta ikasleek, taldeka antolatuta, goizero erabil dezakete ikastetxera oinez iristeko. Horrela, haien autonomia eta ohitura osasungarriak sustatzen dira, eta, aldi berean, murriztu egiten dira ibilgailu motordun partikularretan egiten diren joan-etorriak eta horiek sortzen duten arriskua, batez ere ikastetxeetako sarrera-irteeretan.

Ekimena ekainean gauzatu duen Amaiur Ikastolarekin elkarlanean, Iruñeko Udalak hiriko ikastetxe guztietan eskola-bideak sustatu eta bultzatu nahi ditu. Ildo horretan, APYMAren eta pilotua garatu duen ikastetxeko zuzendaritza-taldearen inplikazioa eta lana funtsezkotzat jotzen dira gainerako ikastetxeei ekimen honek ematen dituen abantailak erakusteko eta errepikatzeko aukera erakusteko. Udaleko Mugikortasun arloko arduradunek bilerak programatuko dituzte ikastetxeekin, ideia horiek ikasturtearen hasieran jakinarazteko, 2021eko Mugikortasunaren Europako Astea dela eta. "Zure osasunaren alde, mugi zaitez modu iraunkorrean" da aste horren leloa.

Udalak  behin baino gehiagotan aztertu du ekimen hau martxan jartzeko aukera, eta ikasturte honetan zehar areagotu egin da Amaiur ikastolako zuzendaritza taldeak eta APYMAk erakutsitako interesari esker. Hainbat bilera egin eta proiektua familiei aurkeztu ondoren, ekainean pilotua arrakastaz gauzatu da Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. mailako taldeekin.

Azkenean hautatu diren ibilbideak aldez aurretik ikuskatu ziren, segurtasuna eta ibiltzeko espazio atsegin baten bilaketa bateratzen dituztela berresteko, ikastetxerako zuzeneko ibilbidearekin. Ibilbide bakoitzaren iraupena hogei minututik beherakoa da, eta tarteko puntu bat hautatu da, non ikasle gehiago sartzen baitira ibilbidean. Familia laguntzaileak WhatsApp taldeen bidez antolatu dira, eta ikastetxeko irakasleekin elkarlanean aritu dira. Proiektu pilotua denez, ibilbideak behin-behinean seinaleztatu dira, kale-elkarguneetan edo norabide-aldaketetan dauden zutoin, farola edo semaforoetan kartelak jarriz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!