Runa parkea 50 atrakzioko feria-lekua izanen da ekainaren 18tik uztailaren 3ra arte

Euskalerria Irratia 2021ko eka. 11a, 08:27

Sanferminetan ezartzen ohi diren atrakzioen %60 da jarriko dutena. Barrutiak EUPFk eta Osasun Ministerioak espazio mota horiendako adostutako protokoloa eta jardunbide egokien gida beteko ditu

Atzo goizean hasi zien Runa parkean 50 atrakzioko feria-lekua instalatzeko lanak, eta zabalik egonen dira ekainaren 18tik uztailaren 3ra bitarte. Iruñeko Udalak baimena eman dio Erruki Etxeari barraka eta kaseta horiek instalatzeko, zeinak arratsaldeko ordutegia izanen baitute astelehenetik ostiralera eta goizez zein arratsaldez larunbat eta igandetan.

50 atrakzio horiek sanferminetan instalatu ohi zirenen %60 dira. Murrizketa horrek COVID-19aren pandemiaren ondoriozko prebentzio-neurriekin zerikusia du. Horrez gain, 1. sektoreko bizilagunek bakarrik aparkatzeko eremua bere horretan mantenduko da, beraz kotxea bertan uzten jarraitzen ahalko dute, feriaren muntaketak eta bilakaerak bizilagunei eragin gabe.

Aurreikuspenen arabera festak ospatzen direnean Iruñera etorri ohi diren atrakzio nagusiak instalatuko dira, hala nola, noriak, autotxokeko pista, errusiar mendiak, itsasontziak, bikingoak, dragoiak, zizareak... Haur eta familiei zein helduei zuzenduak. Astelehenetik ostegunera, feria-lekua 17:00etatik 22:00etara irekita egonen da. Ostiraletan, itxiera gauerdira arte luzatzen da. Larunbatetan, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 24:00etara irekiko da, eta igandeetan, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 22:00etara.

Feria-lekuaren antolaketa Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioak (EUPF) eta Espainiako Feria-Langileen Batasunak elkarlanean egindako ‘Feria-lekuetako eta Feria-atrakzioetako Protokolo eta Jardunbide Egokien Gida' delakoaren’ gomendioei jarraiki eginen da. Agiria Osasun Ministerioak berrikusi du.

EUPFk eta Osasun Ministerioak adostutako estatuko araudia

Protokolo horren arabera aire zabalean egiten den jarduera segurua da, eta zentzu horretan, oinarrizko prebentzio eta higiene neurriak betetzen badira (maskararen erabilera, pertsonen arteko tartea, eskuen higienea eta atrakzioen garbiketa), kutsatzeko arriskua txikia da. Gainera, udalek beharrezko esperientzia lortu dute oinarrizko antolaketa neurriak ezartzeko, hala nola, azalera handitzea edo edukiera kontrolatzeko guneen arteko mugak jartzea.

Erabiltzaileek derrigorrez bete beharreko neurrien informazioa erraz ikusteko moduko tokietan egonen da, barrutiaren sarreran. Gailuak erabiltzeko arauak eta salmenta-postuen sarrerak eta dagokien edukiera ere begi bistan egonen dira une oro. Protokoloa egungo araudian oinarrituta dago baina osasun egoeraren bilakaeraren arabera eguneratzen ahalko da, eta honako hauek ezartzen ditu: maskararen nahitaezko erabilera, pertsonen artean 1,5 metroko tartea, atrakzio zehatzen araberako urruntze fisikoa eta atrakzioen eta salmenta-postuen sarrerako eta irteerako bideen seinaleztapena errespetatzea, besteak beste.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!