Mariano Sinues margolariaren 40 lan baino gehiago ikusgai daude Nafarroako Museoan

Euskalerria Irratia 2021ko eka. 9a, 10:02
Nafarroako Museoak Zaragozan jaiotako baina Nafarroan bizi izandako Mariano Sinues margolariaren ‘Festa ikaragarria’ erakusketa aurkeztu du. Artistaren espresionismo neofiguratiboaren garaiko 40 artelan baino gehiago jarri dituzte ikusgai.

Erakusketak 1960ko eta 1970eko hamarkadetan osatutako berrogei artelan biltzen ditu, eta dualtasun batean oinarritzen da, izenburuan berean, gaietan eta espazioen antolaketan gauzatzen dena, Alexandro Ratia komisarioaren hitzetan: "Bizitzaren eta heriotzaren arteko dualtasunean eta horren barruan sartzen den guztian". 

Heriotzari edo makabroari lotutako lanak Heriotzaren Dantza izeneko seriea biltzen duen aretoan daude. Bizitzari lotutako lanak festaren ingurukoak dira, folklorearen ingurukoak. Zehazki, bigarren areto nagusian inauteriei eskainitakoak daude, eta bi areto nagusien artean, berriz, Sanferminei eskainitakoak.

Horietako asko umore lotsagabe edo garratzeko lanak dira, artistaren ezaugarrietako bat baita hori. Mariano Sinues, Zaragozan jaio zen, baina txikitatik bizi zian zen Nafarroan. Ibilbide profesional esanguratsua egin zuen, kalitate eta nortasun handiko lan grafikoa osatu zuen, eta XX. mendearen bigarren erdiko artista nafar handienetako bat izan zen, Rebeca Esnaola kultura eta kirol kontseilariak nabarmendu duen moduan.

Erakusketa honen ezaugarri berezi bat da Mariano Sinuesen pintura harremanetan jartzen dutela garaikideak ez diren beste artista batzuen estilo eta ikonografiarekin, baita kultura herrikoiaren objektuekin ere.

Erakusketa irailaren 12ra arte egongo da ikusgai, eta erakusketa osatzeko, hiru hitzaldi, kontzertu bat eta hainbat bisita gidatu eskeiniko dituzte.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!