Labairuk esan du ez zuela "mesede traturik" jaso autoa garabitik ateratzean

Euskalerria Irratia 2021ko eka. 8a, 11:05
Javier Labairu zinegotzia, artxiboko irudi batean.

EH Bilduk eta Geroa Baik Herritarren Segurtasunerako zinegotziaren jarrera kritikatu dute: "Isuna ordaindu eta helegitea jar zezakeen, baina ez zuen egin". PSNk informazio gehiago eskatu du. 

Iruñeko EH Bilduk iragan astean salatu zuenez, garabiak Javier Labairu Herritarren Segurtasunerako zinegotziaren kotxea eraman zuen iragan urriaren 15ean, gaizki aparkatuta zegoelako. Labairuk ibilgailua isuna ordaindu gabe berreskuratu zuen eta horretarako, eskuz, datarik gabe eta bere inguruko udaltzain batek sinatutako txostena aurkeztu zuen.

Gaur, Iruñeko Udaleko batzorde batean Labairuk berak adierazi du ez zuela "mesedezko traturik" jaso, autoa garabitik ateratzerakoan tasak ordaindu gabe, eta, justifikatu du "herritar bakar batek ere" ez duela hori egiteagatik ordaintzen, frogatu dezakeenean ibilgailua kendu baino lehen, araututako eremuko tikea ordaindu duela. Beraz, "edozein herritar" bezala tratatu zutela dio. 

Bere kasuan, berak, beste zinegotzi eta funtzionario batzuek bezala, Iruñeko Udalaren berariazko baimena duela azaldu du, gune urdinetan, gorrietan, laranjetan eta beste eremu mugatuetan aparkatzeko. "Aparkatzeko baimen hau duten pertsona guztiei akreditazio bat ematen zaie. Ibilgailu horiek erretiratuz gero, ez zaie isunik jartzen, eta ez zaie garabiaren tasarik kobratzen", adierazi du.
Beraz, defendatu du ez zegokiola garabiaren tasak ordaintzea, eta ez zuela isuna ordaindu behar udalak emandako akreditazioa agerian ez egoteagatik. Beraz, azpimarratu duenez, "ez zen inolako mesede traturik izan", eta "beste edozein herritar bezala" tratatu zuten.
 
EH Bilduri gertaera horien inguruan "gezurra esatea" eta "difamatzea" leporatu dio, eta Endika Alonso zinegotziari "barkamena" eskatzeko eta, bestela, "dimisioa emateko" eskatu dio.
 
"Mesede tratuak"
 
Herritarren Segurtasunerako zinegotziak emandako azalpenen aurka, Joxe Abaurrea EH Bilduko zinegotziak uste du Labairuk bere kasua herritarren kasuarekin nahastu nahi duela, eta hori "onartezina" dela: "Trafikoko arau haustea egon zen, zinegotziak berak esan du, berak beste edozein herritar baino betebehar handiagoa du, egunero jendeari isunak jartzen aritzen delako; eta jendeak ordaindu edo errekurritu egiten du, baina zinegotziak ez zuen gauza horietako bat ere egin".

Hau da, isunarekin akats bat egonez gero, zinegotziak ordaindu egin behar zuela uste du, edozein herritarrek bezala, eta gero, nahi izanez gero, helegitea aurkeztu; ez ordaindu gabe joan.

Patxi Leuza Geroa Baiko bozeramailearen ustez, "oso gauza arraroak" izan dira kasu honetan. Hark argi ikusten du zinegotziak "akatsak" egin dituela eta "faborezko tratu txikiak" izan direla tartean: "Garabiak bere autoa eraman zuela konturatu zenean, isuna ordaindu zezakeen, baina ez zuen egin. Gero garabitik atera zuen autoa, polizia batek lagunduta; ez omen zuen mesede traturik izan, baina ezin diot sinetsi".
 
Maite Esporrin PSNko bozeramaileak adierazi duenez, arduradun publikoek "eredugarriak eta bikainak" izan behar dute, maila guztietan, eredu direlako, eta gertatutakoa argitzea nahi duela esan du. Informazio gehiago eskatu du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!