Gizarte laneko graduan bost ikasgai gehiago eskainiko ditu euskaraz NUP-ek

Euskalerria Irratia 2021ko eka. 2a, 14:57

Lehen maila osoa euskaraz ikasi ahalko da datorren ikasturtean, gizarte laneko eta soziologiako sailak Nafarroako Unibertsitate Publikoko euskara taldeari jakinarazi dionez.

2021-2022 ikasturteak aldaketak ekarriko ditu Nafarroako Unibertsitate Publikora, euskarari dagokionez. Gizarte laneko eta soziologiako sailak NUP-eko euskara taldeari jakinarazi dionez, aurtengoarekin alderatuz bost ikasgai gehiago eskainiko dituzte euskaraz gizarte laneko graduan. Guztira hogei izanen dira euskaraz jaso ahalko diren eskolak: lehenengo mailako guztiak, bigarren mailan hiru izanen dira, hirugarrenean, hiru (aurreko ikasturtean baino bi gehiago) eta laugarrenean, bat (aurrekoa ikasturtean baino bat gehiago).

Unibertsitateak, gainera, euskarazko profila duten bi plazen deialdia zabalduko du eta euskarazko irakaskuntzaren inguruko lantaldea sortuko dute.

Aldaketa "pausu txiki bat" izanen dela ohartarazi du NUP-eko euskara taldeak, unibertsitate publikoak eskaintzen duen gradu batean baino ez delako euskararen presentzia handituko.

NUP-eko euskara taldeak txosten bat osatu berri du, euskarak unibertsitatean duen tokia aztertzeko. Unibertsitate publikoko ikasle euskaldunek konpromiso gehiago eskatu diote zuzendaritzari eta euskara plan berri bat sortu dezala, ikasle euskaldunak geroz eta gehiago diren arren, euskararen eskaintza urria dela ondorioztatu baitute.

Ekainaren 11an hasiko da NUP-eko graduetan aurreinskripzioa egiteko epea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!