Aste honetan jarriko dira martxan Etxabakoitzeko hiri-baratzeak

Euskalerria Irratia 2021ko eka. 2a, 13:44

Eskuragarri dauden 48 baratzeetatik 8 elkarteendako erreserbatu dituzte. Lunes Lilas, Elkarri Laguntza, ANASAPS, Etxabakoitzeko Erretiratuen Kluba-San Jose Zentroa-Pilar Gogorcena Eguneko Zentroa, Itxaropengune, AFINA, Nafarroako Pigmentu-Erretinosiaren elkartea eta Etxabakoitz Bizirik eragileek kudeatuko dituzte.

Aste honen bukaeran hasiko dira giltzak ematen Etxabakoitzeko hiri-baratzeak landatuko dituzten partikularrei eta elkarteei, hainbat tamainatako 48 lurzati (55 eta 100 m2 bitarte) barne hartzen dituen instalazioaren egokitzapena amaitu ondoren. Gaur goizean Hirigintza Gerentzia eta Batzordeko kideak barrutia bertatik bertara ezagutzera joan dira.

Eskuragarri dauden 48 baratzeetatik 8 elkarteendako erreserbatu ziren. Elkarte horiek kudeaketa-proiektu tekniko onenak aurkeztu zituzten eta auzoarekiko hurbiltasun-irizpideak ere puntuak eman zizkien. Beste hiru erreserbatu dira Udalaren beraren gizarte- eta hezkuntza-erabileretarako, eta gainerakoak –partikularrei emandako 37 baratze– Iruñean erroldatuta egon eta pasa den abenduan zozketa publikoan irabazle izan ziren herritarrek erabiliko dituzte. Baratzea landuko duten pertsona guztiek nekazaritza ekologikoari buruzko bi saioko prestakuntza-lantegi bat egin dute. Laborantzarako eta autokontsumorako lurzati horiek 6 urtez ustiatu daitezke, eta bakarrik pertsona eta elkarte adjudikaziodunek erabiliko dituzte, araututako ordutegian.

Lurzatiak bi sarbide ditu: bat, iparraldean, igogailutik gertu, eta bestea, hegoaldean, Arostegui etorbidean. Barrutiak, landatzeko lurzatiez gain, mahaiak eta bankuak dituen aisialdi-eremu bat du, eta, hemendik gutxira, Iruñeko Udaleko Zurgintzako Lantegi Eskolako 15 ikasleek egindako pergola bat egonen da.

Lanen kostua, guztira, 83.491 euro izan da, eta altzariei dagokienez, 12.380 euro. Zuzkidura honetarako inbertsioa Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak finantzatu dute. Hirian hiri-baratzeak (uharte berdeak) sortzea ‘Go Green Iruña’ estrategiaren parte da, hiriak klima-aldaketaren aurka epe ertainean eta luzean garatzen edo garatuko dituen jarduketa-ildoak barne hartzen dituen Udalaren proiektuarena.

Zerbitzuak eta murrizketak

Baratze horiek baratze-autokontsumorako dira, eta erabiltzaileendako ezarritako ordutegia honako hau da: udan, 08:00etatik 22:00etara, etenik gabe, eta neguan, ordutegi jarraian ere, 08:00etatik 21:00etara. Lurzati bakoitzean informazio-kartelak daude, baratzea ureztatzeko ura ixteko giltza duen kutxa bat, eta lurzatia landatzen dutenen tresnak gordetzeko beste kutxa bat. Inongo kasutan ez dira jarriko lurzatietan elementu ez-begetalak, hala nola eguzki-oihalak, mahaiak, bankuak eta etxolak. Ezinen da eite altuko (zuhaitzak) landarerik landatu, ezta barrutira animaliekin sartu ere. Erabiltzaileek ateak giltzaz ireki eta itxi beharko dituzte horiek gurutzatzen dituzten bakoitzean.

Bestalde, instalazio guztia ‘Zero Hondakin Eremua’ da. Horregatik, Iruñerriko Mankomunitatearekin elkarlanean, konposta egiteko bi gune antolatu dira, baratzeek nekazaritzako ekoizpen zirkularra eta ekologikoa sustatze aldera. Sortutako hondakinak konpostagarriak ez badira, erabiltzaileek horiek kanpoko edukiontzietan botatzeko konpromisoa hartu dute.

Laborariak izanen direnei ekainaren 3tik aurrera, ostegunarekin, emanen dizkiete giltzak, Armada etorbideko z.g. atariko 9. solairuko bulegoetan. Honako elkarteenak dira azkenean babesa jaso duten proiektuak: Nafarroako Lunes Lilas, Elkarri Laguntza, ANASAPS, Etxabakoitzeko Erretiratuen Kluba-San Jose Zentroa-Pilar Gogorcena Eguneko Zentroa, Itxaropengune, AFINA, Nafarroako Pigmentu-Erretinosiaren elkartea eta Etxabakoitz Bizirik.

Gune komunak, pasealekuak eta itxidurak

Iruñeko Udalak Etxabakoitzen Udalaren hiri-baratzeak antolatzeko aukeratu zuen gunea egokitzeko lanak ADAXKA enpresak egin ditu, behin lizitazioa egin eta gero. Baina proiektua zeharkakoa da. Alde batetik, Udalaren Gizarte Enplegu Babestuko programaren Obren Lantaldea hormigoizko zolatez arduratu zen, eta bestetik, Zurgintzako Lantegi Eskolako ikasleak Landabengo lantegian laritz-egurrez egindako eta oinplano oktogonala duen pergola bat prestatzen ari dira, komunitateak erabiltzeko. Pergola, gehienez ere 4,10 metro altu izanen da, bere oinplanoak 4,5 metroko diametroa izanen du, eta banku jarraia egonen da barruan.

Laborariek ere erabiltzeko, Aróstegui etorbideko sarreran hiru mahai jarri dira atsedengune gisa, baita barrutiaren funtzionamendurako arauak eta lurzatien banaketa zehatza adierazten dituen kartel bat ere. Sarbide-eremuetan hormigoizko pasabide bat eraiki da, eta gainerako luzetarako igarobideak lurzatien kanpoaldean putzuak sortzea ekiditeko landu dira. Pertsonen joan-etorrietarako, halaber, pasealeku perimetral bat egokitu da barrutiaren ekialdean. Gune horietan zazpi banku jarri dira.

Bi baratze eredu Iruñean

Hirigintza Gerentziak eta Batzordeak gaur bisitatu dituzten baratzeek eta Arantzadiko meandroan prestatuta dauden 100 lurzati inguruko taldeak kudeaketa-eredua partekatzen dute. Baratze horiek 4 urtez ustiatu daitezke ‘Arantzadiko Parkea’ proiektuaren barruan, eta Gurbindo Etxea-FUNDAGRO elkarteak kudeatzen ditu.

Baina, Iruñean, azken urteetan, hiriko laborantzaren bigarren eredu bat garatu da, ‘Baratze komunitarioena’, herritarrei oro har irekita dagoen ustiaketa-sistema bat, betiere elkarte baten barnean. Egun, eredu hori beste bost auzotan ezarrita dago: Alde Zaharrean, Donibanen, Txantrean, Mendebaldean eta Arrotxapean. Kasu horretan, elkarte batek gunea kudeatzeko eskaintzarekin bat datorren proiektu jakin bat aurkezten du, eta Udalak baloratzen du eta emakida esleitzen da. Oro har, baratze komunitarioetan zapaldan landatzea erabaki da, kokatzen diren lurzoruaren ezaugarriak direla-eta (baldosaren gainean doaz, beteta). Baratze mota horiek ez dute berez ureztatzeko instalaziorik, ezta elektrizitate-hornidurarik ere, baina badute ura. Horien kudeaketa-proiektuen barruan ohikoa da auzoa dinamizatzen laguntzea inguruko beste elkarte batzuekin, ikastetxeekin, kultur zentroekin, dibertsitate funtzionala duten taldeekin eta abarrekin egindako jarduera-eskaintza baten bidez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!