LGTBIQ+ kolektiboek defendatu dute Etxabakoitzen ez zela "makrofesta" bat ospatu

Euskalerria Irratia 2021ko mai. 21a, 08:02

Iruñeko Udaltzaingoak larunbatean hartutako irudia.

Iruñeko Udaltzaingoak 151 pertsona identifikatu zituen Etxabakoitz auzoan, larunbatean, "makrofesta" batean parte hartzen ari zirelakoan. Gertatutakoa argitu nahi izan dute: "Kultur jarduera bat egin zen, Kiki Ball-a, dantza, moda, musika, speak eta performancea nahasten dituen ikuskizuna". 

LGTBI Fobiaren aurkako munduko egunaren barruan, kiki ball-a antolatu zuten Etxabakoitzen.  Dantza, moda, musika, speak eta performancea nahasten dituen ikuskizuna. LGTBIQ+ kolektiboak azaldu duenez, "trans kolektibo arrazializatutik sortu da, eta bere adierazpide artistikoa da, baina historikoki estigmatizatuta eta baztertuta egon den kolektibo bat ikusarazteko, normalizatzeko eta ahalduntzeko modu bat ere bada".

Argi adierazi nahi izan dute, larunbatean egindakoa ez zela "makrofesta" izan: "Aitzitik, diziplina anitzeko artearen adibide bat izan zen, maila handikoa eta oso interesgarria, eta parte hartu zuten pertsona batzuen bizimodua da. Makrofesta deitzea eskubide propioz dagokion duintasuna lapurtzea da".

Ekitaldiaren antolaketaren berri eman zioten antolatzaileek Iruñeko Udalari apirilaren 23an bere erregistroan aurkeztutako eskabidearen bidez, eta, era berean, ekitaldia egiteko hartutako prebentzio- eta osasun-neurrien berri eman zitzaion. "Udal administrazioaren isiltasunaren eta erantzunik ezaren aurrean, erakundea babes zibilarekin harremanetan jarri zen, eta honek antolakuntzari ospakizunaren bideragarritasunaren berri eman zion ", argudiatu dute antolatzaileek. Udaltzaingoak, baina, 151 pertsona identifikatu zituen. "Polizia agertu zenean ekitaldia amaitzear zegoen, eta aldez aurretik ezarritako, eta han zeuden guztiek ezagutzen zituzten, arauen arabera hustuko zen lekua", argitu dute. Eremu pribatuaren gehienezko edukiera 150 pertsonakoa da, eta udaltzainek diote 151 zeudela. 

Ekitaldian parte hartu zuten guztiek segurtasun neurri kolektibo eta indibidual planifikatuak bete zituztela ziurtatu dute, oharrean, aitortuz ekitaldiaren amaieran "batzuen jokaera indibidualean antolatzaileek ezin izan zutelarik erantzule izan, babes indibidualeko neurri batzuei dagokionez". Horregatik "barkamena" eskatu diote Nafarroako gizarteari.  

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!