LGTBIQ+ erasoak egunero gertatzen direla salatu dute

Euskalerria Irratia 2021ko mai. 18a, 09:27

Iruñeko E28J plataformak deituta erasoen aurkako aldarria kalera atera zuten Homofobiaren eta Transfobiaren Aurkako Nazioarteko Egunean.

1990eko maiatzaren 17an homosexualitatea gaixotasunen zerrendatik kendu zen. Duela hiru urte, ekainaren 18an, transexualitatea ere zerrenda horretatik kendu zen. Hala ere, 31 urte geroago, "gorroto delituak, LGTBIQ + politika fobikoak, lege diskriminatzaileak, LGTBIQ + bullyinga, suizidioak, laneko diskriminazioa, desberdintasuna eta eskubide urraketak" pairatzen jarraitzen dutela salatu zuten atzo Iruñeko udaletxearen aurrean. 

"Legeek diskriminatzen segitzen dute eta politikak LGTBIQfobikoak dira. Gazteek hezkuntza eremuan diskriminazioa, eraso, irainak eta jarrazpena sufritzen segitzen dute; giro erasokor honek euren hezkuntza-prozesua ingurune seguru batean garatzea galarazten du, eta, hainbat kasutan bizitza bera ere galtzera bultzatzen du", salatu dute.

Elkarretaratzea egiteko Udaletxe plaza aukeratu dute udalaren azken hilabeteotako jarrera gaitzestearren: "Harrotu zerbitzuan izan den murrizketa eta ortzadar-bankuen inguruan egindakoa, berandu eta gaizki jarri dituzte-eta. Udaletxe plazara gure bandera ekarri dugu, Udalak ortzadar banderaren koloreak zein diren ikus dezan. Oso kezkagarria da mundu mailan ematen ari den faszismoaren eta ultraeskuinaren susperraldia; horren ondorio zuzena eraso eta gorroto-hilketa kopura handitu izana da"

Erasoen aurrean gizarte eragileek eta instituzioek bat egin behar dutela ohartarazi zuten: "LGTBIQ pertsonak kontuan har ditzaten funtsezkoa da eta zurikeriatan ez ibiltzea guztiz beharrezkoa da. Azken honen adibide garbia Trans legearekin egiten ari diren jokabidea da. Hemen, Nafarroan, 2017an LGTBI+ legea onetsi zuen Parlamentuak, baina horren garapena ez da gauzatu. Antza, Nafarroako Gobernuak LGTBI legea garatzeko dagoen ekintza plana ahaztuta du. Nafarroako LGTBI+ legea oso ona izanik ere, horren garapena ez egitea pinkwasing adierazpen hutsa da".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!