Elikagaien eta oinarrizko produktuen horniketa arazo bilakatu zen 50. hamarkadan Nafarroan. Ekonamiaren arautze "zorrotza" ezarri zuen frankismoak Espainiako gerraren ostean eta prezioen igoera eragin zuen politika horrek. "Errazionamenduaren ondorioz, merkatu arautuan salgai gutxi zegoen eta prezioak igo ziren. Hiritarrek oso maiz oinarrizko beharrak asetzeko merkatu beltzera jo behar izaten zuten", azaldu du NUPeko Imanol Satrustegi historialariak sare sozialen bitartez.
Emakumeek piztu zuten txinparta 1951an: "Zurrumurruen arabera maiatzaren 7an arraultzak hamabost pezetatan saltzekoak ziren, baina etxekoandreak merkatura joan zirenean hamazazpi pezetatan zeudela ikusi zuten". Prezioa ikusterakoan, II. Zabalguneko merkatuan emakumeek haserrea erakutsi zuten: "Arraultza salmenta boikoteatu eta Gobernu Zibilerainoko manifestazioa esponteaneoa egin zuten, Gobernadoreari prezio merkeagoak ezar zitzan eskatzeko".
Iruñeko kaleetatik azkar zabaldu zen berria, eta elkartasunez, grebaren ideia nagusitzen hasi zen. "Maiatzaren 8an goizean goizetik hiriko lantoki handienetan lan egiteari utzi zioten, eta piketeek manifestazio eta protestak egin zituzten, saltoki eta tailer gehienak itxiarazteko", azaldu du Satrustegik. "Grebak ezustean harrapatu zituen agintariak, eta hasiera batean, ez zuten modu eraginkorrean erantzun. Baina ondoko egunetan beste probintzia batzuetako poliziak ekarri eta errepresio gogorrari ekin zioten".
Suzko armak erabili zituzten protestarien aurka: "Hamarnaka bala-zauritu izan zen. Atxiloak Iruñeko zezen plazan pilatu zituzten, guztira 300dik gora". Segurtasun indarrek ezin izan zuten mobilizazioa antolatu zuen greba komiterik identifikatu. "Agintari frankistak kezkaturik zeuden: ezin zuten ulertu nolatan gerta zitekeen horrelako greba bat 1936 Altxamenduaren alde lerratu zen hiri batean".
Maiatzaren 11an amaitu ziren protestak; ez, ordea, errepresioa: "Grebalariak zigortzeko 24 lagunen aurkako auzi-bidea hasi zen. Greba gertatu eta zazpi urtera, 1958ko azaroan, 6 eta 1 hilabete arteko espetxe zigorra ezarri zieten horietako 14ri. Hala ere, ez zituzten espetxeratu, indultua eman zieten". Partehartzaileen artean, "frankismoarekin haserre zeuden karlistak, HOACeko sindikalista kristauak, pertsonalitate abertzaleak eta Gerra Zibilean errepresaliatutako ezkertiarrak edo beraien senideak" identifikatu zituztela azaldu du Satrustegik.