Moreako H&M enpresako langileak greban dira

Euskalerria Irratia 2021ko api. 23a, 09:52
H&Mko langileak, atzo, itxitako dendaren kanpoaldean.

Enpresak kaleratzeak eta lanaldi murrizketak egin nahi ditu, eta neurri hori deuseztatzeko eta Hego Euskal Herriko negoziazio mahaia irekitzeko eskatzen diote. Atzo egin zuten lehen lanuztea, eta gaur, bihar eta hilaren 29an eta 30an ere egingo dituzte.

Morea merkataritza guneko dendan lan egiten duten H&M enpresako langileek bat egin ELA sindikatuak atzotik deitutako lanuzteekin. Enpresak kaleratzeak eta lanaldi murrizketak egiteko erabakia hartu du, eta neurri hori deusezta dezala eta negoziazioari ekiteko Hego Euskal Herriko negoziazio mahaia ireki dezala eskatzen diote. ELAk sindikatuen ordezkaritzaren gehiengo osoa du enpresan.

Langileek bost greba egun egitea erabaki dute: atzo izan zen lehena, eta gaur, bihar eta hilaren 29an eta 30ean egingo dute. Enpresak bere planteamenduari eusten badio, maiatzaren 3tik aurrera greba mugagabea egitea aurreikusten dute.

Era berean, langileek elkarretaratzea egin zuten atzo Moreako sarbidean; gaur eta bihar, berriz, 18:00etan egingo dute, bi egunetan.

Digitalizazio prozesuaren ondorio

Itxieren, kaleratzeen eta langile doikuntzen prozesu hori enpresa ezartzen ari den online salmentaren digitalizazio eta sustapen prozesuaren barruan sartzen dela azaldu du ELA sindikatuak, eta prozesu hori beste merkataritza kate handi batzuetan ere jazotzen ari dela. “Enpresa estrategia mota hori aldatzen ez bada, ondoriorik nabarmenena sektoreko enpleguaren suntsipen eta deslokalizazio larria izango da”, salatu du sindikatuak.

Era berean, azpimarratu dute H&M enpresa “guztiz errentagarria” dela, 22.000 milioi euro fakturatu zituela 2019an, eta 1.270 milioiko irabaziak aitortu zituela. Onura horiek gorabehera, proposatutako murrizketak 1.000 pertsona baino gehiagori eragingo die Espainiako Estatuan.

“H&Mkoa lan-erreformak indargabetzeko premia larri eta atzeraezinaren beste adibide bat da”, laburbildu du ELAk. “Eta onartezina da irabaziak dituen enpresa batek bere langileak enplegu erregulazioko espediente baten bidez kaleratzea”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!