Memoria demokratikoaren legeak giza eskubide urraketak ikertzea ahalbidetu dezan eskatuko dute

Euskalerria Irratia 2021ko api. 22a, 13:16

Hainbat kolektibok elkarretaratze bat egingo dute larunbatean, Memoria eta justizia, hemen eta orain lelopean, memoria demokratikoaren lege aurreproiektuak frankismoko eta trantsizioko giza eskubide urraketak ikertzea eta epaitzea ahalbidetu dezan.

Elkarretaratzera dei egin duten 31 memoria talde, gizarte kolektibo eta sindikatuen arabera, Nafarroako Gobernuak iazko irailean onetsi zuen Memoria Demokratikoaren Lege Aurreproiektuak aurrerapauso garrantzitsuak ekarri ditu, baina oraindik ez du jorratu inolako biderik Frankismoan eta trantsizioan egindako gizateriaren aurkako krimenak ikertzeko eta epaitzeko Estatuak ezartzen dituen oztopoak deuseztatzeko.

Horregatik, ordezkari politikoei zuzendu zaizkie, bultza egin dezaten, lege berriak eskubide urraketa horiek pairatu zituzten pertsonentzako benetako babes judiziala jaso dezan. Carlos Otxoa, Ahaztuak taldeko kideak irakurri du 31 sinatzaileek adostu duten manifestua. 

Legeak, memoria, justizia eta ordaina oinarri izan behar dituela ekarri dute gogora, eta horretarako oinarri batzuk proposatu dituzte: 77ko Amnistiaren Legea indargabetzea; Zigor Kodearen erreforma, nazioartkeo legezkotasunaren printzipioa txertatzeko; gerra krimenen eta gizateriaren aurkakoen preskribaezintasunaren konbentzioa berrestea; bertako erakundeek ikerketaren eta egiaren batzordeak eratu ahal izatea, eta Sekretu Ofizialen Legea aldatzea. Aldaketa horiek gabe, legeak, justiziarako eskubidearen arloan, berdin jarraituko duela ohartarazi dute. 

Eskaera horiek kalera aterako dituzte larunbatean, ‘Memoria eta justizia, hemen eta orain’ lelopean. 12:30ean egingo dute elkarretaratzea, Justizia Jauregiaren aurrean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!