Udaleko etxez etxeko arretako langileek grebara deitu dute, zerbitzua azpikontratatzearen aurka

Euskalerria Irratia 2021ko api. 15a, 12:11
Iruñeko Udaleko Etxez Etxeko Arreta Zerbitzuko langileak, gaurko agerraldian.

Iruñeko Udaleko langileen batzordeak uko egin dio udal gobernuak Etxez Etxeko Arreta Zerbitzua kudeatzeko enpresa publiko bat sortzeko asmoari, eta datorren apirilaren 29tik aurrera greba egunak egingo dituztela iragarri du.

Etxez Etxeko Arretarako Udal Taldeko langileen batzordeko ordezkariek elkarretaratzea egin dute Iruñeko udaletxearen aurrean, Bai kudeaketa zuzenari. Ez enpresa publikoari lelopean.

Sonia Ochoak eta Blanca Elizagak agiri bat irakurri dute, eta udaleko osoko bilkurari eskatu diote zerbitzua azpikontratatzeko erabakia geldiarazteko eta "parentesi bat irekitzeko", beharrezkoak diren kudeaketa neurriak ezartzeko eta, neurri horiek ezartzearen emaitza aztertu ondoren, zerbitzu publikoarentzat eta zerbitzua ematen duten langileentzat onena adosteko.

"Ez dago justifikatuta zerbitzua kudeatzeko enpresa publiko bat sortzea", salatu dute. Kaltetutako pertsonek ere hala uste dute; izan ere, adineko pertsonen elkarte guztiek agiri bat sinatu dute zerbitzuaren pribatizazioaren aurka agertzeko.

"Erabakia justifikatzen saiatzen ari dira, zerbitzuaren kalitatea, kudeaketaren arintasuna, eraginkortasuna eta emaitza ekonomikoak hobetzea ekarriko duela esanez, baina ez dute datu bakar bat ere aurkeztu esaten dutena adierazteko", adierazi du langileen batzordeak.
 
Halaber, langileek planteatutako alternatibak "aztertu ere egin ez" dutela salatu dute, "auditoretzak proposatutako neurriak ezarri ondoren emaitzak ikusteko denbora emateko moratoria gisa". Eredu aldaketa justifikatzen duten datuak ez dituztela eskuratu kritikatu dute, halaber.

Langileen hitzetan, azpikontratatutako enpresa batek ez du funtsezko zerbitzu publiko baten kudeaketa hobetuko, "inolaz ere ez", baldin eta zerbitzuaren eraginkortasunik ezaren arrazoiak jorratzen eta zuzentzen ez badira, eta zerbitzuari tresna hobeak ematen ez bazaizkio.

Azkenik, langileen batzordeak "zentzugabekeria" honetan laguntzailea izatea leporatu dio PSNri. Azpimarratu dutenez, Navarra Sumak "erabakita zuen" zerbitzua kanporatzea, baina "ezinbestekoa izan da PSNren konplizitatea izatea": "Ez baitu ezer egin zerbitzua hobetzeko, eta modu akritikoan eskaini dio laguntza Navarra Sumari langileen eta zerbitzu publikoaren aurkako zentzugabekeria honetarako". 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!