Harrotuk ahalduntze pertsonal zein kolektiborako jarduerak antolatu ditu

Euskalerria Irratia 2021ko api. 14a, 14:14

Jarduerak honako toki hauetan eginen dira: Harrotun; Iturramako, Sanduzelaiko, Mendillorriko eta Kondestable Civivoxetan; NAEn eta Descalzos kaleko igogailuaren eraikinean.

Harrotu Sexu- eta genero-dibertsitatearen arloko Udalaren informazio- eta arreta-zerbitzuak, jarduera soziokulturalak, ahalduntze pertsonal zein kolektiborako proposamenak eta LGTBI arloko sentsibilizazio- eta prestakuntza-programa bat eskainiko ditu udaberrian. Guztira 14 jarduera dira eta hiri guztiari helarazteko, honako toki hauetan eginen dira: Harrotun bertan, Iturramako, Sanduzelaiko, Mendillorriko eta Kondestable Civivoxetan; Nafarroako Antzerki Eskolan eta Descalzos kaleko igogailuaren eraikinean. Lekuak une bakoitzeko osasun-egoeraren arabera aldatu ahal izanen dira.

Proposamenen artean, A Panadaria konpainiak ‘Elisa y Marcela’ taularatuko du, obra honek Espainian ezagutzen den emakumeen arteko lehen ezkontza kontatzen du, 1901ean ospatu zena, eta dozena bat sari jaso ditu hainbat lehiaketatan.

Kasu guztietan izena eman behar da 948226326 telefono zenbakira deituta, lgtbi@pamplona.es helbidera idatzita edo San Gregorio kaleko 28. zenbakian dagoen zentroan bertan. Arreta-ordutegia 09:30etik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara da. Programazio osoa udal-webgunean kontsultatu daiteke gaztelaniaz eta euskaraz.

Norberaren ahalduntzea, ikusgaitasuna eta topaketa kolektiboak bultzatzea

Norberaren ahalduntzearen arloan, lau proposamen daude, horietako bat trans esperientzia bizi duten gazteei zuzendua: ‘Ahalduntzen naiz, nire burua gustuko dut’. Horiei beste hauek gehitu behar zaizkie: ‘Jeloskortasuna, toxikotasuna eta etika harremanetan: elkar-maitatzen ikas dezagun’, Mikel Abaurrearen eskutik (Lehen Hezkuntzako irakaslea eta sexologoa); ‘Bisexualitatea: errealitate ikusezina’, Iris Domínguezen eskutik (LGTBI+ aktibista), eta ‘LGTBI kultura-erreferenteak artearen bidez', David Ruizen eskutik (artista eta LGTBI+ aktibista).

Ahalduntzearen beste alderdian, kolektiboan, hainbat topaketa proposatu dira, horietako batzuk bereziki pentsatuak migratzaileentzat eta udaberri honetako efemerideak ospatzeko, hala nola ikusgaitasun lesbikoaren eguna, familiena, LGTBIfobiaren aurkakoa eta LGTBI+ harrotasunarena.

Antzerkia, liburu-aurkezpena, dokumentala, erakusketa eta mahai-ingurua

Egun horietako bat ospatzeko, ikusgarritasun lesbikoarena hain zuzen, Harrotuk antzezpen bat antolatu du, apirilaren 29an. Antzezlanak 1901eko ekainaren 8an bi emakume, Elisa eta Marcela, Coruñako San Xurxo elizan ezkondu zirela kontatzen du. Apaiza engainatzea lortu eta haien arteko maitasuna ofizial egiteko, Elisa Mario bihurtu zen. Haien identitateak agerira ateratzean, Portugalera ihes egitera eta espetxean egotera eraman zituen bidaia hasi zuten, Argentinan haien arrastoa galdu baino lehen. Horrela, genero-binomioaren arauen kontrako erronkaren eta bikote lesbikoen eskubideen defentsaren sinbolo bihurtu ziren. Jasotako sarien artean honako hauek daude: ikuskizun onenari, zuzendari onenari eta aktore onenari emandako sariak. Antzezpen honekin batera, gizarte- eta kultura-jardueren programa beste batzuek osatzen dute, esaterako, LGTBI+ poesia-jokoa, ‘Maternidades cuir’ liburuaren aurkezpena, ‘Transformatzen’ dokumentalaren emanaldia eta horren osteko solasaldia, eta komikien aurkezpena.

Harroturen apiriletik ekainera arteko proposamenak barne hartzen ditu ere oinarrizko LGTBI sentsibilizazio- eta prestakuntza-programa bat, familia aniztasunari buruzko erakusketa batez lagunduta, eta LGTBIfobiaren aurkako egunaren eta barne-fobien inguruko mahai-inguru bat.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!