Txertoari lotutako politikek “sindemia larriagotzen” dutela salatu dute

Euskalerria Irratia 2021ko api. 7a, 11:42
Gaurko elkarretaratzea, Conde Oliveto zentroaren aurrean.

Osasunaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Nafarroako Osasun Plataformak elkarretaratzeetara deitu du, osasun zentroen aurrean. "Txertoak pertsona guztientzat" eskatu dituzte, eta patenteak ken ditzatela.

Osasunaren eta Babes Sozialaren Merkantilizazioaren aurkako Europako Sareak dei egin du gaur, apirilaren 7an, Osasunaren Nazioarteko Egunean, mobilizazioak egin daitezen Europar Batasuneko herrialde guztietan covid-19aren aurkako txertoak eskuratzeko orduan berdintasuna eskatzeko. Nafarroako Osasun Plataformak bat egin du deialdiarekin, eta Nafarroako 30 herri eta auzotako osasun zentroen aurrean antolatu ditu elkarretaratzeak. Iruñean, Conde Oliveto zentroaren aurrean bildu dira.

Aditzera eman dutenez, joan den astean Osasunaren Mundu Erakundeak jakinarazi zuen moduan, munduko hamar herrialdek dosi guztien hiru laurden pilatu dituzte, eta, aldi berean, 36 herrialdetan ez dira hasi oraindik txertoa jartzen. “Gobernuek farmazia industriarekiko mendekotasuna dutenez, eta jarduera horren industria publikorik ez dagoenez, osasun arloko desberdintasunak areagotzen ari dira nazioartean, eta ekidin litezkeen milaka heriotza gertatzen ari dira”, salatu dute.

Bestetik, kritikatu dute farmazia industrairi diru publiko kopuru izugarriak eman zaizkion bitartean, honek portaera “mafiosoak” erakutsi dituela, “merkataritza gerra” piztuz, gobernuekin hartutako konpromisoak bete gabe utziz, eta Hegoaldeko herrialdeak dosirik gabe utziz. Gobernuak, aktiboki nahiz pasiboki, jokabide horien laguntzaileak direla diote, eta horiei zuzendu zaizkie, honako eskaerarekin:

-Doako txertoak herrialde guztietarako pertsona guztientzat.

-Gardentasuna pandemiarekin lotutako gai guztien gaineko erabakiak hartzean.

-Txertoen eta Covid-19ari erantzuteko bestelako produktuen patenteak berehala kentzea edo horiek ekoizteko beharrezkoa den informazioa publikoa egiteko betebeharra ezartzea.

"Zentzugabekeriak"

Espainiako Estatuan begirada jarrita, nabarmendu dute birusaren eraginpean ez dauden “uniformedunei eta elkargo profesionaletako hainbat kideri” txertoa jarri dietela jadanik, eta benetan birusaren eraginpean dauden beste kolektibo batzuek, berriz, itxaron zerrendan segitzen dutela. “Konparazio batera, irakasleak, hipermerkatuetako kutxazainak, ABLEko langileak, sasoikako langileak eta etxeko langileak”.

Bidegabekeria horren arduradunak “presio taldeak, korporazioak, eta boteretsuen aurrean ahul jokatzen duten gobernuak” direla gaineratu dute. “Koronabirusaren aurkako txertaketa politikak nabarmen laguntzen ari dira sindemia honetan gertatzen ari diren osasun desberdintasunak areagotzen”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!