2021-2022 ikasturtean Iruñeko Printzearen Harresi eta Hello Buztintxuri udal haur eskoletan ingelesa tratatzeko porposamen pedagogiko "koherentegoa eta egokiagoa" egin du zuzendari talde batek: "40 urte hauetan euskarazko hezkuntza-irakaskuntzan izan dugun esperientziak erakusten digu beharrezkoa dela hizkuntza-murgiltzea, euskararen jabekuntza bermatzeko. Horregatik, eredu-aldaketa hori oztopo izango litzateke euskararen ikaskuntzan".
Haur Eskolen Erakunde Autonomoaren gerentziara igorri dute porposamena, eta eskatu dute, halaber, talde eragile bat sor dadila 2021eko apirilean, proposatutako aldaketak nola gauzatu eta beharrezkoak diren eztabaida-guneak sortu ahal izateko. Iruñeko Udaleko taldeei zein Parlamentukoei ere helarazi diote agiria, bilera eskaera batekin batera eta erantzunaren zain daude.
Proposamena
Printzearen Harresi eta Hello Buztintxuri haur-eskoletan C1 titulazioa duten ingeleseko profesional hezitzaile espezialistak sartzeko eskatu dute zuzendariek, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuan egiten den bezala: "Ingelesezko C1 hizkuntza-eskakizuna duten profesional horiek, hasiera batean, ingelesezko jarduerak dituzten euskarazko ikasgeletan sartuko lirateke, baina ingelesaren presentzia duten ikasgela guztietan sar litezke, laguntza emanez. Horrela, ingelesezko ikasgeletan ere laguntza eman lezakete. Hala, Printzearen Harresirentzat eta Hello Buztintxurirentzat, "Ingeleseko jarduerak dituzten euskara" hezitzaileen profilean, C1 titulazioa soilik eskatuko litzateke euskaraz, ingelesaren tratamendua C1 duen hezitzaileak egingo bailuke ingelesez. "Ingelesezko jarduerak dituen gaztelania" ereduan ez litzateke aldatuko ingelesezko B1 eskakizuna hezitzaileentzat".
Zuzendarien iritziz, planteamendu horrekin, euskarazko (C1) eta ingeleseko (B1) titulazio bikoitza duten langileen ordezkapen-poltsa nahikoa izateko izan daitezkeen arazoak konponduko liratezke. Era berean, derrigorrezko lekualdaketak saihestuko liratezke, euskaraz eta ingelesez eskatutako titulazio bikoitza ez izateagatik.