Administrazio Auzitegiak legez kontrakotzat jo du pailazoen aurkako Maiaren zentsura

Euskalerria Irratia 2021ko ots. 19a, 10:33

Joseba Asiron (EH Bildu): "Kultur zinegotziak dimititu beharko luke arrazoi ideologikoengatik pailazoen ekitaldia zentsuratzeagatik".

Nafarroako Administrazio Auzitegiak legez kontrakotzat jo du Enrique Maya Iruñeko alkateak Pirritx, Porrotx eta Marimototsen kontratua bertan behera utzi izana. EH Bilduren ustez ebazpen honek erakusten du, "orduko hartan (2019ko azaroa) hartu ziren erabakiek eta haiek justifikatzeko argudioek ez zutela oinarririk, gobernu-taldeak bere obsesio politikoei men egiteagatik zentsura ezarri zuela, eta, hori, haien euskarafobiaren adibide garbia” dela. “Ehunka eta ehunka txikiren ilusioekin jolastu zuten eta orduko gobernuari legez kanpo jardutea leporatu zion, jakin arren beraiek zirela legez kanpo ari zirenak”. Horrela mintzatu da gaur Joseba Asiron EH Bilduk Iruñeko Udalean duen bozeramailea, Maider Beloki zinegotziarekin batera emandako prentsaurreko batean.

Asironek gertatukoaren errepasoa egin du, bai eta ebazpenak izan beharko lituzkeen ondorioena ere: "Lehenik eta behin, Kulturako titularraren berehalako dimisioa, herritarrei gezurra esateagatik; bigarrenik, kalte egin zieten haurrei ordaina ematea, eta, azkenik, Maiak publikoki barkamena eskatzea EH Bilduren eta Maider Belokiren aurka egin zituen salaketak direla eta. Joseba Asironek azaldu duenez, Pirritx, Porrotxen eta Marimototsen kontratua etetea legez kanpokoa da, bi baldintza betetzen ez dituelako: "Bata formala da, kontratistari entzunaldia ematea, baina ez zen halakorik egin, eta, beraz, defentsa-gabezia sortu zuen; eta bestea sakonekoa da, interes publikoko hiru argudio erabili zituelako kontratua ez betetzeko, eta NAAk hirurak baztertu ditu". Argudio horiek honako hauek ziren: kontratazioa bermatzen zuen txostenik ez egotea, ekitaldia haurrentzako programazio batean ez sartzea eta kontratua "arrazoi ideologikoengatik" egiten zela. Ebazpenak Katxiporreta SAren errekurtsoaren zati bat onartzen ez duen arren, zeinean Udalak ekitaldia berriz programatzea eskatzen zen, EH Bilduk uste du hala egin beharko litzatekeela, "artista horiei eta, batez ere, haien ikusleei zor zaielako".

Bestalde, Asironek gogorarazi du "Na+ taldeak Maider Belokiri eta AldaketarenGobernuari eraso egin ziela,  kontratu hori sinatuz legez kanpo eta ideologia-kidetasunagatik jokatzen zutela leporatuz, eta ebazpen horren arabera, legez kanpo jardun zuen bakarra Garcia Barberena zinegotzia izan zen, Maiaren babespean. "Horregatik bakarrik dimititu beharko luke, baina, gainera, egiten zutena legez kanpokoa zela jakinda ere, aurrera jarraituz zuten. Izan ere Nafarroako Kontseiluak 2019ko azaroaren 27an kontratua baliogabetzea gaitzetsi zuen", adierazi du EH bilduko bozeramaileak. "Are gehiago, Administrazioak gehiegikeriaz jokatu zuen kontratua bertan behera uzteko, eta, ondorioz, defentsa-gabezia sortu zitzaion kontratudunari. Na+en interes pribatua udal batek defendatu behar duen interes publikoari lehenetsi zitzaion ", gaineratu du Asironek.

2019ko azaroaren 29an egitekoa zen pailazoen emanaldia, Iruñeko Gaiarre antzokian. Maiatzetik hitzartua zeukaten, baina tramiterako agiri bat falta zela argudiatuta bertan behera utzi zuen Navarra Sumaren udal gobernuak. Kontratua bertan behera uztea ez dela "bidezkoa" izan ebatzi zuen Nafarroako Kontseiluak. "Uler daiteke kontratazio artistikoak publizitaterik gabe negozia daitezkeela", zehaztu du 15 orrialdeko txostenean.

Euskalgintzak gogor krikikatu zuen Maiaren erabakia, eta alkateak berak onartu zuen Pirritx, Porrotx eta Marimototsen aurkako betoa ideologikoa izan zela: "Argi dago libre direla beste esparru batzuetan, esparru pribatuan edo beste erakunde batzuekin, hori egiteko; ni ez naiz hor sartuko, baina gu kontratatzea ez da gertatuko".

Oztopoak oztopo, Iruñeko Anaitasunan izan ziren Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak, abenduaren 22an.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!