LABek 0-3 zikloa "errespetatzeko" eskatu die gobernuari eta Iruñeko Udalari

Euskalerria Irratia 2021ko ots. 17a, 13:54

Iruñeko zenbait haur eskoletako hizkuntza aldaketak "erabaki erabat atzerakoitzat" jo ditu.

LABek 0-3 zikloa "errespetatzeko" eskatu die Nafarroako Gobernuari eta Iruñeko Udalari, baita "familiei, hezitzaileei eta haurrei" ere, eta "konpromiso sendoak" eskatu dizkie, "ez hitz hutsak". Ohar batean, sindikatuak galdetu du noiz sortuko den 0-3 zikloaren zerbitzua Hezkuntza Sailean, "iaz egin behar zen eta Gimeno jaunaren utzikeriagatik oraindik konpondu gabe dago".

Horren harira, Carlos Gimeno Hezkuntza sailburuarekin gai horren inguruan "elkarrizketa zuzenik izan ez izana" kritikatu du, eta Jorge Aguirre PSNko Hezkuntza arduradunak "pasotismo handia, erabateko axolagabekeria eta argudio falta" erakutsi dituela salatu du. "Ez ginateke harrituko denbora galtzeko estrategia berri baten aurrean egongo bagina eta hilabeteak pasatzen utziko bagenitu izapide hori gauzatu gabe", adierazi du.

"Oraindik ezezaguna da, beraz, noiz aldatuko den Nafarroako Gobernuaren haur eskolen titulartasuna, Hezkuntza Departamentuak zuzenean kudeatu ditzan", azpimarratu du.

Bestalde, LABek Iruñeko zenbait haur eskolatan egindako hizkuntza aldaketak kritikatu ditu, "euskara zokoratzeko" asmoz hartutako erabaki "erabat atzerakoia" delako. Era berean, Nafarroako Gobernuak, bere titulartasunekoak diren ikastetxeen bidez "euskarazko plazen murrizketa orekatu" zezakeenez, "Bere onespena ematea erabaki du", eta "ontzat ematen du proposamen atzerakoi hori, ziklo honetako hezkuntza-komunitateak izango lukeen itxaropen-zirrikitu oro bertan behera utziz".

Halaber, "Iruñeko Udaleko haur eskolen doakotasuna" kritikatu du, "gainera, konkista sozial gisa saldu nahi digute, baina Na+ alderdiak PSNri aurrekontuak babesteagatik ematen dion gozokia besterik ez da". "Nola azalduko dute orain arte elkarrekin eskaini diren eskolak, hemendik aurrera batzuk ordainpekoak izatea eta beste batzuk ez?", galdetu du LABek, eta "Nafarroako haur eskola guztietan doan izango den 0-3 zikloaren" alde egin du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!