Lezkairuko ikastetxean euskarazko murgiltze eredua ezartzeko eskatu dio gobernuari Sortzenek

Euskalerria Irratia 2021ko ots. 9a, 18:53

Lezkairuko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko berriak 900 ikaslerentzako lekua izanen du, eta Victor Pradera-Paderborn-etik eta Lezkairu auzotik datozen ikasleak hartuko ditu.

Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuko hezkuntza departamentuak hitzarmena sinatu dute Lezkairun Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko berria eraikitzeko. Ikastetxeak Haur Hezkuntzako lau linearako eta Lehen Hezkuntzako hiru lineatarako hasierako edukiera izango du, eta epe ertainean Lehen Hezkuntzako laugarren lerroarekin zabaltzeko asmoa dago. "Horietatik zenbat izango dira euskarazko lerroak? Zein ikas eredu ezarriko da ikastetxe berri horretan?", galdetu du elkarteak ohar bidez. 

Sortzenek euskarazko murgiltze ereduaren aldeko apustua egitea eskatu  dio hezkuntza departamentuari "Iruñeko belaunaldi berriek Nafarroako berezko hizkuntza den euskaraz ikasi ahal izatea, eta, ondorioz, Lezkairuko ikasleen eskubideak bermatzea", zehaztu dutenez. "Ez dadila gertatu hizkuntza eskubideen beste urraketa bat".

Ikastetxea erakitzeko lanak aurtengo lehen seihilekoan hasiko dira, eta 18 hilabeteko epean bukatzea aurreikusten da (2022. urtearen amaieran), 10,7 milioiko kostuarekin. Aurreikuspenen arabera, 2022-2023 ikasturtean jarriko da martxan. 

Elkargo horrek A/G eredua eskainiko du, alemanez ikasteko programarekin, gaur egun Paderbornek duena, eta D eredu-lerro bat ezartzeko aukera aurreikusita dago. "Epe labur eta ertainerako matrikularen bilakaera ikusiko dugu. Eskariak nola jokatzen duen ikusi behar da ", adierazi du Carlos Gimeno hezkuntza kontseilariak.

Iruñeko Udalak Hezkuntzaren esku utzi du lursaila, eta gobernuak hartuko du bere gain inbertsioaren gastu osoa (10,7 milioi). Udala, bere aldetik, eraikinaren kudeaketaz eta mantentzeaz arduratuko da. Zentroa gauzatzeko proiektua, jada idatzita dagoena, OM ARQ, SLP enpresak egin du. Hitzarmen hau sinatuta, zentro berriaren obren lizitazioa ahalbidetzen da, "Eraikuntza jasangarria" izango dena.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!