Navarra Sumak PSNren babesarekin haur-eskoletako hizkuntza-eskaintzaren aldaketaren aurkako bi adierazpen-proposamen eraman dituzte EH Bilduk eta Geroa Baik iruñeko udaleko osoko bilkurari. Gurasoei eta hezitzaileei eman nahi izan diete hitza, haien kezka eta eskakizunak azaltzeko. Bitartean udaletxe plazan babesa agertuz protesta egin dute Haur Eskolak Euskaraz plataformako kideek.
Haur eskoletako erakunde autonomoko langileen ordezkari Edurne Lekumberrik ere hitz egin du saioan. Manifestu bat irakurri du, eta honakoa eskatu du: "Joko hau zentzurik gabe gelditzeko, eta partida berriz hasi aurretik, guztion artean adostu ditzagun, lasaitasunez, etorkizunean joko hori arautuko duten arauak, testuingurua eta tartean dauden elementuak aurreiritzirik gabe aztertuz, profesionalei eta familiei entzunez eta, batez ere, 0 eta 3 urte bitarteko haurren eskubideei arreta eta errespetua eskainiz".
Bestalde, Iñigo Otxoa, haur eskoletako aldaketek kaltetutako familien ordezkari gisa, oso kritikoa izan da PSNrekin, eta 0-3ko zentroetako aldaketak "euskara diluitzea besterik bilatzen ez duen plan gainideologikoa" direla esan du, "udal haur eskolen doakotasunaren iragarpen tranpatia trebea nahastu duen marketin kanpainarekin". Maria Txibite Foru Gobernuko presidentea eta Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilaria deitzeko eskatu dio Esporrini, "egoera honi buelta emateko".
Plataformak ohartazi duenez, otsailaren 15 baino lehen emanen dute ezagutzera zein hizkuntza eredu izanen diren gobernuak kudeatzen dituen beste 5 Iruñeko haur eskoletan. Euskarak murgiltze eredu bakarra du horietan eta plataformaren iritziz, plaza gutxi dira osotara eta geografikoki ezin okerrago banatuak. Gaia orain Nafarroako Gobernuko hezkuntza departamentuaren eskuetan dagoela adierazi dute.