Lan istripuen igoera patronalaren eta gobernuaren erantzukizuna dela salatu dute Iruñean

Euskalerria Irratia 2021ko urt. 15a, 12:09

Lan istripuak ekiditeko neurri "erreal eta zehatzak" eskatzeko manifestazioa egin dute ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE, Hiru eta CGT sindikatuek, "prekarietatea hiltzailea" lelopean. 

Hilkutxa beltz baten atzetik, ispilpean eta lore bana eskuetan zutela atera dira manifestariak 2020. Urtean hamar lagun hil ziren lan istripuz Nafarroan, Hego Euskal Herrian 66. Zenbatekoa, baina, handiagoa delakoan dira, azken hilabeteetan lan eremuan kutsatuta koronabirusaz hil direnak ez baitira ezagutzen. Neurri eraginkorren bitartez saihestu zitezkeen heriotzak direla salatu dute; lan baldintza prekarioen eraginez gertatutakoak. Erantzule argi bat atzeman dute: “Arduradun nagusia patronala da; erreforma laboralak baliatzen ditu lan baldintzak murrizteko eta irabazi ekonomikoak langileen segurtasunaren gainetik jartzen ditu. Oso eroso dago Nafarroako Gobernuak beste aldera begiratzen duelako”, adierazi du ELA sindikatuko Andoni Larraldek.

Parlamentutik Nafarroako jauregira eraman dituzte sindikatuek aldarrikapenak. Bilera eskatu diete Santos Indurain eta Manu Aierdi, osasun eta ekonomia kontseilariei. LAB sindikatuko Izaskun Juarezek azaldu duenez, lau neurri zehatz galdegin nahi dizkiete: "Enpresen gaineko kontrola benetakoa izatea eta jarraipena egotea lan osasunaren alorrean, prebentzio zerbitzuak publiko egitea, enpresek prebentzio alorrean hutsak izan badituzte kontratu publikoetan parte hartzea debekatzea eta lan zentro guztietan jarraipen psikosoziala egitea".

2008tik 100 milioi euro baino gehiago bideratu zaizkie elkarrizketa sozialeko eragileei. Egindako lan "ezeraginkorra" dela salatu dute protestariek, haien aburuz, ez baitu balio izan azken urteetako lan ezbeharren igoera saihesteko. Elkarrizketa sozialaren hautsi behar dela uste dute eta hala eskatuko dute. Egun Nafarroan 15 ikuskari eta 28 teknikari aritzen dira langile guztien lan baldintzak kontrolatzen. Eznahiko zenbatekoa da sindikatuen iritziz, horregatik lantaldea 50 lagunekin indartzeko eta parlamentuak 2018an onartu zuen lan ikuskaritzaren transferentzia gauzatzeko eskatuko diote gobernuari. Egun Espainiako Gobernuaren esku dago lan ikuskaritza.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!