EH Bilduk eta Geroa Baik Iruñeko Harrotu zerbitzura 120.000 euro bideratzea eskatu dute

Euskalerria Irratia 2021ko urt. 12a, 11:24

Alderdiek ohar batean adierazi dutenez, Harrotu baldintza-agiri berri bat argitaratzearen zain dago, hemendik aurrera izango dituen eginkizunak eta zereginak zehazteko.

EH Bilduk eta Geroa Baik adierazpen bat aurkeztu dute Iruñeko Udalean, Herritarren Gaietarako Batzordean eztabaidatzeko, gutxienez 120.000 euro bideratu daitezen harrotu udal aurrekontuetatik, aniztasunari arreta emateko zerbitzutik eta LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideen sustapenetik.

Bi taldeek "zerbitzuari eusteko" eskatu dute, "Harrotu udal-zentroak martxan daramatzan hiru urteetan erreferentziazko gune bihurtu delako LGTBIQ+ kolektiboarentzat, eta urtean ia mila kontsulta eta aholkularitza-eskaera jaso dituelako".

Zentroa zehaztugabetasun egoeran dagoela ohartarazi dute; izan ere, joan den abuztuan hainbat kolektibok proposamen bat aurkeztu zuten jendaurrean, eta udal taldeei eta berdintasun arloari helarazi zieten. Proposamen horretan, hurrengo pleguan gutxienez Harroturi lotutako funtzio hauek jasotzea eskatzen zen: LGTBIQ+ pertsonentzako informazio-zerbitzu bat; kolektiboen, LGTBIQ+ pertsonen eta profesionalen arteko topaketa-zerbitzu bat; sentsibilizazio- eta prestakuntza-jarduerak antolatuko dituen ahalduntze zerbitzu bat; eta LGTBIQ+fobiaren aurkako behatoki bat.

EH Bilduk eta Geroa Baik gaineratu dutenez, "Taldeei dokumentu ofizial bat eman zitzaien, Harrotu mantentzeko kontratura 60.000 euro bideratzeko aurreikuspena jasotzen duena; kopuru hori zerbitzu horrek hiru urtean izan duen urteko aurrekontuaren %50 baino gutxiago da, eta kudeatzen dutenek urtero likidatutako gastu errealaren %40 inguru da". Gainera, bi taldeek adierazi dutenez, "berdintasun zinegotziak funtzio horiek Harroturen agiri berrian sartzeko borondateari buruz emandako baiezko erantzunak ez datoz bat aurrekontuen aurreikuspenekin".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!