Aitor Etxarte Berezibar (Arrasate, 1956) zendu da gaur 63 urte zituela, koronabirusaren ondorioz. Arrasaten jaio zen Etxarte, hangoa baitzuten ama; baina iruindarra zen, Merced kalekoa. Ikasketak Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan egin zituen: Filosofia eta Hezkuntza Zientziak. Pedagogoa zen; eta, beste hainbat pertsonarekin batera, Iruñeko Udal Ikastolaren sustatzaile eta bultzatzailea izan zen, frankismoaren hondarretan.
Sare publikoan euskarazko irakaskuntza berritzailearen aitzindaria, irakasle konbentzitua eta sutsua, berrikuntza-proiektu ugaritan ikertzailea, irakasleen prestatzailea eta hainbat elkarte profesionaletako kidea izan da. Hegoalde Ikastolako zuzendaria izan zen, Karrikiri euskaldunon elkarteko sortzaileetako bat; eta, urteetan, Euskalerria Irratiko kolaboratzailea. Nafarroako Eskola Kontseiluko lehendakaria izan da 2015-2019 bitarte.
Maldan behera hasi zen Etxarte, koronabirusaz kutsatu ondoren, "ZIUra iritsi arte". Hala aitortu zion haren seme Hedoi Etxartek Eitb-ko Eusten saioari: "Oso nekatuta zegoen lokartu zutenean".
Aitor Etxarte Berezibar: Liga Komunista Iraultzaileko militantea, Iruñeko udal ikastolen sortzaileetakoa, Hegoaldeko zuzendaritza taldekoa, gentrifikazioaren kontrako asaldatzailea, proiektu txiki askotako bazkidea.
— Hedoi Etxarte (@hedoi_etxarte) December 18, 2020
Daukadan onena, dakidan gehiena, bizitako ia dena, berari zor. pic.twitter.com/SvF2y69LlS
Euskal kulturgintza oso gogoko zuen Aitor Etxartek, eta hala erakutsi izan du azken urteetan Euskalerria Irratian.