Euskara sustatzeko proiektuetarako udalaren laguntzen deialdia, urriaren 15era arte

Euskalerria Irratia 2020ko urr. 7a, 06:11

Udalak 72.000 euro bideratuko ditu Iruñean euskararen normalizazioa sustatzen duten jardueretara.

Iruñeko Udalak argitara eman du euskara sustatzeko proiektuak egiteko diru laguntzetarako deialdia. Irabazi asmorik gabeko entitate eta elkarteei zuzendutako deialdia da, euskararen sustapen, normalizazio eta erabilerari bultzada emateko jarduerak eta proiektuak egin ditzaten, nagusiki Iruñeko udal-mugartean eta herritarrei irekita. Jarduerek 2019ko azaroaren 1etik 2020ko urriaren 31ra bitarteko aldian eginak izan behar dute.

Deialdia 208. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu da, irailaren 15ekoan, eta heldu den urriaren 15a da eskaerak aurkezteko epemuga. Zehaztasun guztiak Udalaren webgunea Udalaren webgunean kontsulta daitezke.

Laguntzaren zenbatekoa, hiru multzotan

Proiektu bakoitza aintzat hartuta zehaztuko da diru laguntzaren zenbatekoa, balorazioan erdietsitako puntuazioaren arabera, hiru multzotan: puntuazio gorena (80–100 puntu) duten proiektuek onartutako aurrekontuaren %55a bitarte jasoko dute; bigarren multzoan (65 –79,99 puntu), proiektuei aurrekontuaren % 45a bitarte ordainduko zaie; eta hirugarrenean (45–64,99 puntu), onartutako aurrekontuaren %35a bitarte emanen da.

Eskaerak baloratzeko orduan kontuan hartuko dira entitate eskatzailearen ezaugarriak (20 puntu arte), proposamenaren kalitatea eta koherentzia (30 puntu arte) eta jarduerak Iruñean euskararen hizkuntza normalizazioan duen eragina (50 puntu arte).

Deialdi honetatik bazter geratuko dira beste alor batzuetan, hala nola herritarren partaidetza, gazteria, berdintasun edo kulturan, egokiagoak izan daitezkeen proiektuak edo beste udal-programetatik dirulaguntza jaso dutenak. Halaber, ezin izanen da laguntzarik eskatu telebista, irrati eta prentsako komunikazio-proiektuetarako.

Iaz 14 entitateren 22 proiektuk jaso zuten laguntza

Iazko deialdian, 14 entitatek aurkeztutako 22 proiekturi eman zitzaien laguntza. Emandako kopuruak 430 eta 16.000 euro artekoak izan ziren. Honako hauek izan ziren entitate onuradunak: Euskaldunon Biltoki, Hizkuntza Eskubideen Behatokia, Dindaia Fundazioa, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua, Karrikiri Elkartea, Udako Euskal Unibertsitatea, AEK, Nafarroako Bertsozale Elkartea, Goizargi Doluan diren senitartekoen eta lagunen elkartea, Nafarroako Kazetarien Elkartea, Nafarroa Retina Elkartea, Sortzen Ikasbatuaz, Osasuna Fundazioa eta Jaso Fundazioa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!